Itxi

A21

EAJ-PSE gobernua "akordio handi bat josteko aukera galdu bat" da, Otxandianoren aburuz

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

EH Bilduren lehendakarigaiak ohartarazi duenez, "ez da gehiengo abertzalerik eta ezkerrekorik EH Bildu gabe". Ildo horretan, esan du orain dela hitz egiteko momentua, eta ez duela balio gero EAJ-PSEren gobernuaren "hipotekak" koalizio subiranistari "bere gain hartzea exijitzea".

Otxandiano, gaurko agerraldian. EFE

A21eko hauteskunde egunetik prentsa aurrera agertu gabe zegoen Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, eta ostiral honetan egin du, hain justu, hauteskundeen emaitzen eta gaurkotasun politikoaren irakurketa. Azaldu duenez, "astelehenean bertan" geratu zen agerian EAJk eta PSE-EEk kanpainan zehar egindakoa "eszenifikazio hutsa" zela eta koalizio gobernua osatzeko "erabakia hartuta" zegoela. EH Bilduko buruzagiaren aburuz, bi alderdien arteko ituna "aukera galdu bat" izango da "momentu historiko honetan", eta "garai zailak" datozenean, "akordio handi bat josteko herri-proiektu baten inguruan". 

Otxandianok egindako irakurketaren arabera, emaitzek "bi gehiengo oso argi" marraztu dituzte: gehiengo subiranista "historikoa", 54 legebiltzarkideren babesa izango lukeena (EAJ+EH Bildu), eta ezkerreko gehiengo "osoa", 40 ordezkari bilduko lituzkeena (EH Bildu+PSE-EE+Sumar). Biak ala biak "ez dira posible EH Bildu gabe", nabarmendu du, eta erantsi duenez, horiek artikulatzeko "EH Bildurekin hitz egin behar da". Hori bai, horren ustez, "hauxe da momentua hitz egiteko"; izan ere, jeltzale eta sozialisten arteko gobernuak "hipoteka asko" izango ditu, horren arabera, eta ohartarazi duenez, "ondoren ez duena balio da EH Bilduri exijitzea hipoteka horiek partekatzea edo bere gain hartzea". 

EH Bilduk EAEko hauteskundeetan lortutako emaitza "historiko" eta "izugarri onak" direla-eta eskerrak emanez hasi du prentsaurrekoa Otxandianok. "Mapa politikoa aldatu da" eta "herri mandatua betetzeko momentua da", horren hitzetan. Ifrentzuan, "badago beste aukera bat: orain arteko berdina egiten jarraitzea. Hipoteka askorekin osatutako gobernua izango da, ez dituena artikulatuko bi gehiengo horiek, eta bazter utziko duena 2. indar politikoa, eserlekuetan 1.arekin berdinduta dagoena". 

Otxandianok aitortu du jeltzale eta sozialisten arteko koalizio gobernua "posiblea eta demokratikoa" dela, "baina ez da herri honek behar duena". Are gehiago, oso kritiko azaldu da EAJk bilera sorta ere deitu ez duelako. "Ulergaitza egiten zaigu, eta kezkagarria iruditzen zaigu, ez direlako demokrazia parlamentarioaren ohiko ohiturak ere zaindu. EH Bilduk botoetan irabazi izan balu, biharamunean 2. eta 3. indarrei deituko nieke, zalantzarik gabe".  

Egoera gorabehera, EH Bilduren lehendakarigaiak azpimarratu du koalizioak "insistitzen" jarraituko duela "gobernantza kooperatibo bat" proposatuz, eta EH Bilduk EAJrekin eta PSE-EErekin "elkarguneak" izan badituelako. 

Pedro Sanchezek astelehenean har lezakeen erabakiaz galdetuta, Otxandianok esan du ez duela espekulatuko. Dena dela, argi utzi du EH Bildu "oso kontziente" dela Sanchezen gobernua erorarazteko "eskuin muturraren estrategia" zein den. "Oso ondo dakigu zer den lawfarea", esan du.