Itxi

memoria historikoa

Giza eskubideen kontrakoak direlakoan, PPren eta Voxen "konkordiaren legeak" kritikatu ditu NBEk

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Nazio Batuek memoria historikoa defendatzeko "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko deia egin diote Espainiako Gobernuari. Estatuko Memoria Demokratikoaren Legea mugatu nahian arauak ari dira Valentzian, Gaztela eta Leonen eta Aragoin.

Viznarren (Granada) topatutako hobi komunetik ateratako gorpuzkinak. EFE

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gogor kritikatu ditu PPk eta Voxek hainbat erkidegotan izapidetzen dituzten "konkordiaren legeak" delakoak, uste baitu giza eskubideen kontrakoak direla. Espainiako Gobernuak eskatuta, txostena egin dute hiru errelatorek eta ondorioztatu erregimen diktatorial frankistak egindako giza eskubideen urraketa larriak "ikusezin" bihurtzeko saiakera direla. 

Horren aurrean, dei zuzena egin dio Espainiako Gobernuari memoria historikoa babesteko eta tesi negazionista edo ukatzaileak saihesteko, eta hala, "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko eskatu dio Sanchezen exekutiboari. NBEren iritzian, legeok egia ezagutzeko eskubidea eta elkartzeko eskubidea urratzen dituzte. 

Aragoin, Gaztela eta Leonen eta Valentzian "konkordiaren legeak" delakoak izapidetzen ari dira PP eta Vox. Estatuko Memoria Demokratikoaren legearen kontrakoak direlakoan, NBEra jo zuen Espainiako Gobernuak, babes eske. 

"Espainiako Gobernuak giza eskubideak bermatzeko eta, zehazki, memoria historikoa babesteko duen betebeharrari eragin ahal diote Aragoin, Gaztela eta Leonen eta Valentzian onartu edo onartzeko bidean dauden legeek", irakur daiteke txostenean. 

Hiru errelatoreek adierazi dutenez, legeok "memoria historikoaren jarduera, webgune eta erakundeak desagerraraztea"  agintzen dute, eta "giza eskubideen urraketa larrien biktima izan zirenak topatzeko eta egia ezagutzeko bidea muga dezakete". Gainera, judizioz kanpoko exekuzioetan edo behartutako desagerrarazteetan hildako ehunka mila pertsonari aitortza kentzen diete. 

Honakoek egin eta izenpetu dute txostena: Fabian Salvioli egia, justizia, erreparazio eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko errelatore berezia, Aua Balde borondatearen kontrako desagerrarazteen lantaldearen presidentea eta Morris Tidball-Binz judizioz kanpoko exekuzioen inguruko errelatore berezia. 

Memoria historikoaren aldeko erakundeak, pozarren

Memoria Historikoa Berreskuratzeko Espainiako Elkarteak txalotu egin du NBEren txostena. Ohar bidez, Emilio Silva elkartearen presidenteak salatu duenez, "'konkordiaren legeak'" Frankismoa zuritzeko eta diktadura goratzeko saiakera dira, eta biktimentzako eraso dira".

Horren ustez, "sasi-konkordiaren lege horien kontra borrokatzeko modu onena auzitara jotzea da. Justizia da memoria historikoaren aldeko politika".