Itxi

Ikerketa

Bigarren indusketan ere ez dute "Naparra"ren gorpuzkirik aurkitu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Frantziako Armadak eta Jendarmeriak apirilaren 22tik 24ra egin zuten bigarren indusketa, Landetan. Bilaketa horren txosten ofiziala Auzitegi Nazionalera igorriko dute, eta Ismael Moreno epaileak erabakiko du kasuaren inguruan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bigarren indusketan ere, ez dute Jose Miguel Etxeberria "Naparra"ren (komando utonomo antikapitalistetako kide izandakoa) gorpuzkirik aurkitu. Egiari Zor fundazioko Iñaki Egaña historiagileak eta "Naparra"ren anaia Eneko Etxeberriak agerraldia egin dute ostiral goiz honetan, eta horiek eman dituzte jakitera gorpuzkiak aurkitzeko egindako bigarren indusketaren emaitzak. Apirilaren 22tik 24ra Landetan (Frantzia) egin zituzten bilaketa-lanak.

Duela zazpi urte ez bezala, oraingoan indusketa lanak "isilpean" egin dituztela jakinarazi dute. "Martxoan jakin genuen Frantziako Armadak, jendarmeen agindupean, apirilaren 22tik 26rako tartean berrabiaraziko zuela ikerketa, aldez aurretik mugatuta zegoen eremu batean. Bertan izan ginen gu ere, estreinakoz", adierazi dute.

Bi ordezkariek azaldu dutenez, lehenengo bi egunetan markatutako eremu bat arakatu zuten, eta hirugarren egunean zuhaitzen arteko puntu batzuetara zabaldu zuten ikerketa. Hain justu, egun horretan eman zituzten bukatutzat lanak. "Ez zuten gorpuzkirik aurkitu, eta jendarmeek esan ziguten haien partetik lana bukatuta zegoela", esan dute.

"Orain, txosten ofiziala idazten ari omen dira. Aurrerago Auzitegi Nazionalera eramango dutena. Guk ez dakigu bertan zer aipamen egingo dituzten, baina Ismael Moreno epaileak erabakiko du kasuaren inguruan", azaldu dute.

1980ko ekainaren 11n bahitu eta hil zuten "Naparra", 22 urte zituela. Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde paramilitarrak hartu zituen bere gain haren bahiketa eta hilketa.

Prentsaurrekoa eman ostean, Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Eneko Etxeberria. Sekretu ofizialaren legea indargabetzea eskatu du honek, "Estatu terrorismoa estaltzeko" erabili dutela iritzita. Zentzu horretan, uste du hortxe dagoela gakoa, hau da, azken egunotan bolo-bolo dabilen "eraberritze demokratikoarekin" lotu du auzia.

Lehendabiziko indusketa-lanak 2017an egin zituzten Frantziako Landetan, eta orduko hartan ere, arrastorik ez zuten topatu.

Bideoak (1)