Itxi

Polemika

Mileik Sanchezi eraso eginez erantzun die Oscar Puenteren "irain"ei

agencias | eitb media

Leer en Castellano

Ministroak esan zuen Argentinako presidentea "ez dakit ze egoeratan, ez dakit zein substantzia hartu aurretik edo ondoren" agertu zela hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. Espainiako Gobernuak errefusatu egin du Argentinako Errepublikako presidentearen kabineteak kaleratutako oharra.

Javier Milei Argentinako presidentea. Argazkia: EFE

Javier Milei Argentinako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari egin dio eraso Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun ministroak berari buruz egindako adierazpen batzuk errefusatzeko kaleratutako ohar batean.

Argentinako Presidentearen Bulegoak X sare sozialean argitaratutako mezuan irakur daitekeenez, Mileik Puenteren "irainak" errefusatzen ditu, eta Pedro Sanchezi esaten dio "arazo handiagoak" dituela, tartean "bere emaztearen aurkako ustelkeria akusazioak".

Garraio eta Mugikortasun ministroak sare sozialei buruzko ekitaldi batean parte hartu zuen Salamancan Ana Alonso Berdintasun ministroarekin batera.

Bertan, Puentek esan zuen gaur egun sare sozialetan "gogor" jokatu beharra dagoela, bestela "hutsala" izateko arriskua dagoelako. Horren harira, kritikatu zuen "jende gaiztoa maila gorenera" iritsi dela, Donald Trump AEBko presidente ohiari eta Argentinako egungo presidenteari erreferentzia eginez.

Azken horri buruz, esan zuen adierazpen gogorrak egin zituela hauteskunde kanpainan "ez dakit ze egoeratan, ez dakit zein substantzia hartu aurretik edo ondoren" agertu ostean.

Baina Mileiren Bulegoak zabaldutako mezuan, Puenteri beharrean, Sanchezi egiten zaio eraso: "Erreinuaren batasuna arriskuan jarri du separatistekin itunak eginez eta Espaina deseginez; Espainiako emakumeak arriskuan jarri ditu haien osotasun fisikoa erasotzen duen legez kanpoko migrazioa ahalbidetuz; eta klase ertaina kolokan jarri du pobrezia eta heriotza besterik ekartzen ez duten politika sozialistekin".

Milei Madrilen izango da maiatzaren 18an, Voxek antolatutako ekitaldi batean. Santiago Abascal Voxen presidentea Mileiren jarraitzailea da, eta Buenos Airesen izan zen abenduaren 10ean presidenteak kargua hartu zuenean.

Sanchezek, berriz, Sergio Massaren hautagaitza babestu zuen, eta ez zuen hautagai ultra zoriondu 2023ko azaroko hauteskundeetan garaipena eskuratu zuenean.

Espainiako Gobernuaren erantzuna

Espainiako Gobernuak errefusatu egin du goitik-behera Argentinako Errepublikako presidentearen kabineteak kaleratutako oharra: "Ez dagokio anaiak diren bi herrialdeen harremanari".

Jose Manuel Albaresek gidatzen duen Atzerri Ministerioak adierazi du Espainiako Gobernuak eta herriak "laguntasun eta elkartasun harremanak eta anai arteko loturak indartzen jarraituko duela Argentinako herriarekin, Espainiako gizarte osoaren borondatea den heinean".