Itxi

Hauteskundeak Katalunian

Gerenalitateko presidentegai nagusiek atseden hartzeko probestu dute gogoeta eguna

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Puigdemonten absentziak markatutako ohiko "familia-argazkia" atera ondoren, familiekin, lagunekin eta zaletasunez gozatzen eman dute eguna zerrendaburuek, hauteskunde egunerako indarrak biltzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniako hauteskundeetarako hautagaiek parentesi txiki bat egin ahal izan dute agendetan, hauteskunde kanpaina sutsu baten eta are sutsuagoa izango omen den hauteskunde egun baten artean.

Kataluniako hauteskundeetan ohikoa den bezala, zerrendaburuek hedabideei eskaini diete goizaren zati bat. Parlamentuan ordezkaritza duten alderdietako hautagaiak bildu dituzte argazki saioetarako. 

Elkarrekin izan dira Salvador Illa (PSC), Pere Aragones (ERC), Ignacio Garriga (Vox), Laia Estrada (CUP), Jessica Albiach (Comuns Sumar), Carlos Carrizosa (Cs) eta Alejandro Fernandez (PP); hau da, Carles Puigdemont ez beste denak. Izan ere, Juntseko burua Ipar Katalunian dago oraindik, Amnistiaren Legea onartu ostean muga zeharkatzeko zain.

Hedabidei beharrezko arreta eskaini ondoren, bakoitzak bere familia, lagun eta zaletasunei eskaini die eguna.

Pere Aragones presidenteak (ERC) eguna emaztearekin eta alabarekin sukaldean eta jolasean pasatzeko asmoa azaldu du.

Salvador Illak (PSC) argazki saioak footing saio batekin eta kanpainako zuzendariarekin egindako bilera batekin konbinatu ditu, etxera itzultzeko gero, arratsaldea emaztearekin lasai pasatzeko asmotan. "Agian irakurri egingo dut pixka bat, edo serie edo film bat ikusiko dut erlaxatzeko, eta ohera goiz, igandean egun handia da eta", esan du.

Carles Puigdemontek (Junts) Ipar Kataluniako Vallespir eskualdean atseden hartzeko aprobetxatu du, familiarekin paseatzeko, irakurtzeko eta Gironako lagunekin bazkaltzeko, emaitzak emaitza, Kataluniara bueltan ekarriko duen hauteskunde egunaren bezperan.

Laia Estrada CUPeko hautagaiak gogoeta eguneko argazki tradizionalak egiteko gorde du goiza, eta bikotekidearekin eta semearekin eman du arratsaldea.

Argazki saioen ondoren, Jessica Albiach (Comuns Sumar) amarekin eta lagun batzuekin joan da bazkaltzera, eta arratsaldean, Barcelonetan kalean buelta bat emateko asmoa zuen.

Ignacio Garriga Voxeko hautagaiak kanpainak utzi ez diona egiteko aprobetxatu du, "arratsaldea familian igarotzeko", lau seme-alabekin eta bosgarrenaren zain dagoen emaztearekin.

Carlos Carrizosa Ciudadanoseko hautagaiak asmoa zuen arratsaldean familiarekin egoteko eta alderdiaren antolaketa-gai batzuk tartekatzeko.

Alejandro Fernandez popularrak familia osoarekin bazkaltzeko aprobetxatu du, "kasu gutxiegi egin" baitie. Arratsaldean atseden hartzeko asmoa zuen, hauteskunde egunaren aurretik.

Bideoak (1)