Itxi

Eusko Legebiltzarra

Otxandianok "kooperaziorako" asmoa berretsi du eta EAJ-PSEren gobernu "baztertzaile eta esklusiboa" salatu

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Koalizio abertzalearen 27 hautetsiek akreditazioa jaso dute gaur Legebiltzarrean. Ondoren, EH Bilduren zerrendaburuak eta Nerea Kortajarena taldeko bozeramaileak agerraldia egin dute hurrengo legealdiko asmoak azaltzeko.

Otxandiano, kredentziala jasotzen. Argazkia: EFE

Apirilaren 21eko EAEko hauteskundeetan hautatutako EH Bilduren 27 legebiltzarkideek kredentzialak jaso dituzte gaur goizean Legebiltzarrean, eta ondoren, prentsa aurrera azaldu dira Pello Otxandiano lehendakarigaia eta Nerea Kortajarena taldeko bozeramailea, hurrengo legealdirako asmoak aurreratu dituzte. 

Otxandianok hauteskunde emaitzek utzitako agertokia laburbildu du, ganberan egongo diren gehiengo subiranista eta ezkertiarra azpimarratuta. Horren aurrean, egungoa "kooperaziorako garaia" dela nabarmendu du, eta EH Bildu bera horretarako prest dagoela erantsi.

Ifrentzuan, EAJk eta PSE-EEk hurrengo Jaurlaritza osatzeko egiten ari diren negoziazioak hartu ditu hizpide. "Bulego itxi batean ari dira, ohiko politikagintza egiten, eta hori ez da orain behar dugun politikagintza", deitoratu du, eta gobernu "baztertzaile eta esklusiboa" eratuko dutela salatu. 

Otxandianoren iritzian, "burujabetzaren eta politika progresisten alde" egiteko herri mandatuaren aurrean, "betiko eran" erantzun dute jeltzale eta sozialistek, mandatu horri "entzungor" eginda.

Jarrera hori EH Bilduk izango duenarekin alderatu du Otxandianok. "Zein izango den legegintzaldi honetan izango dugun jokaera? Orain arteko berdina. Mandatu horri kasu egitea. EH Bildurengan elkargune bat aurkituko dute herri proiektua lantzeko betiere anbizio nazionalaren alde eta erronka sozialei tamainan heltzeko", azaldu du. 

Kortajarenak, bere aldetik, salatu du ez dutela inongo elkarrizketarik izan EAJrekin eta PSE-EErekin bihar osatuko den Legebiltzarraren Mahaiaren harira. EH Bilduk uste du bi leku dagozkiola erakundean, eta horregatik proposatu ditu Eba Blanco eta Eraitz Saez de Egilaz. "Batzordeen osaketen inguruko arlo teknikoez harago, ez dugu elkarrizketarik izan", zehaztu du bozeramaileak. 

Azkenik, Kataluniako hauteskundeen emaitzen balorazioaz galdetuta, ezer gutxi esan du Kortajarenak: "Kataluniako herritarrek argi hitz egin dute, eta EH Bilduk errespetu osoz hartu ditu emaitzok. Arratsaldean bilduko da zuzendaritza, eta ondoren egingo dugu balorazioa". 

EH Bilduko 27 legebiltzarkideak, Ganberan. EFE