IZENDAPENA
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkide ohia izango da Euskalduna Bilbao jauregiko zuzendari nagusi berria
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko karrerako funtzionarioa, hainbat kargu kateatu ditu EAJn 2003tik, eta Gasteizko Ganberan legebiltzarkide izan da 2024ko maiatzera arte.
Euskalduna Bilbao musika eta biltzar jauregiko Administrazio Kontseiluak Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkide ohia zuzendari berri izatea onetsi du, eta orain arte karguan izan den Nerea Lupardo ordezkatuko du.
Iturrate Bizkaiko Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa da eta etapa berri bati ekingo dio Bilboko musika eta biltzar jauregiaren gidaritzan, "konpromiso sakona hartuz Euskalduna Bilbaoren misio eta balioekin", Euskaldunatik ohar bidez nabarmendu dutenez.
Iñigo Iturrate Ibarra 1963ko urtarrilaren 20an jaio zen, Bilbon. Animazio soziokulturaleko teknikaria da, eta karrerako funtzionarioa Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailean. Hizkuntzei dagokienez, euskarazko EGA maila, ingeleseko B2 maila eta frantseseko ahotsezko zein idatzizko oinarrizko ezagutza ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariorde eta Azpiegitura Batzordeko bozeramaile izan da, baita Euzko Abertzaleak Batzarkide Taldeko koordinatzailea ere. 2003tik 2007ra bitartean, EAJren bozeramaile izan zen Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta Kultura Batzordeko presidente izan zen.
2007ko uztailetik 2009ko apirilera Bizkaiko Foru Aldundira itzuli zen, Ahaldun Nagusiaren Kabineteko Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari nagusi gisa.
2009ko maiatzetik 2024ko maiatzera bitartean, aldiz, Eusko Legebiltzarreko parlamentarioa izan da, eta mahaiko 2. lehendakariorde eta 1. idazkari karguak bete ditu garai ezberdinetan.
2009ko urritik EITBren Administrazio Kontseiluko kide da eta telebistako zein irratiko hainbat saiotan kolaboratzaile izan da.
Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada 2015eko urritik, baita Sexu eta Ugalketa Eskubideen Europako Foro Parlamentarioko eta Aliantza Parlamentario Globaleko partaide ere.