Elkarrizketa Euskadi Irratian
Itxasok, EH Bilduren "sekretismo" salaketaz: "Badugu negoziazioak diskrezioz egiteko eskubidea"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
PSE-EEren legebiltzarkidea "harrituta" dago koalizio abertzaleak negoziazioak "ezkutuan negoziatzen" aritzea egotzi dielako. "Zenbat akordio lortu dituen EH Bilduk diskrezioarekin!". "Autogobernua hobetzeko" prest agertu da, baina euren lehentasuna politika sozialak direla erantsi du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Denis Itxaso PSE-EEko legebiltzarkideak hurrengo koalizio-gobernua osatzeko elkarrizketak "sekretuak ez, baina bai diskretuak izateko" sozialistek eta jeltzaleek duten eskubidea aldarrikatu du, EH Bilduk "sekretismoz" aritzea leporatu ostean. Buruzagi sozialistak nabarmendu du ez dutela ezer asmatu, eta alderdiek askotan jokatzen dutela horrela, "baita EH Bilduk ere, zenbat akordio itxi dituen diskrezioarekin! Izan gaitezen helduagoak, mesedez", eskatu du.
Legebiltzarra osatu eta biharamunean, elkarrizketa eskaini du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Koalizio subiranistak egindako salaketarekin "harrituta" azaldu da, beraz, Itxaso. Aitortu du bera ez dela elkarrizketotan parte hartzen ari, baina "ondo" doala argitu du. "Eman diezaiogun denbora. Ondo doa, baina denbora behar du. Aurrekoetan ondo atera izan bada erakutsi dugun heldutasunagatik izan da, diskrezioagatik", nabarmendu du.
Garrantzia kendu dio bera edo Andueza gobernuan sartzeari eta lehentasunak "eduki sozio-ekonomikoez betetako akordio on bat" lortzea dela eta sozialisten "pisua eta influentzia maila haztea" direla azpimarratu. Itxasoren iritziz, "Euskadik ezkerrera egin du azken urteetan", eta horren erakusle dira A21eko emaitzak: "PSE-EEk bi ordezkari gehiago ditu, eta EH Bilduk ere eserleku gehiago lortu ditu, batez errelato sozio-ekonomiko bati esker izan da". Argudiatu duenez, herritarrek badute kezka osasun publikoarekin, etxebizitzaren gaiarekin, garraioarekin... eta horiei "konponbide ezkertiarra" eman behar zaie.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Estatuaren "lurralde-ereduari buruzko eztabaidari heltzeko eta autogobernua zabaltzeko" egindako deiari buruz galdetuta, Itxasok esan du sozialistak "prest" daudela "autogobernu hobea" lortzeko behar diren "pausoak emateko" eta arlo horretan "zeregina" badagoela azpimarratu du. Hori bai, hobetzeko hautua egitea babestu badu ere, iritzi dio "beste gauza bat dela Konstituzioa eta ordenamendu juridikoa gainditzea".