Eusko Legebiltzarrra
Inbestidura saioa ekainaren 20an egingo dute
EITB Media
Karguaren jabetze ekitaldia bi egun geroago, larunbatarekin, egingo dute Gernikan. Datok Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi dizkie Mahaiko gainerako kideei, baina baieztapen ofiziala ostegunean helduko da.
Ezusterik ez da izan, eta bolo-bolo zebilen data baieztatu du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak: Imanol Pradales EAJren lehendarigaiaren inbestidura saioa ekainaren 20an egingo dute EAEko ganberan. Bi egun geroago, ekainaren 22an (larunbata), izango da karguaren zina egiteko ekitaldia, Gernikan.
Tejeriak egutegiaren berri eman die gaur Legebiltzarreko Mahaiko gainerako kideei. Datok ostegunean baieztatuko dituzte ofizialki, orduan bilduko baita Bozeramaileen Batzordea Bateraezintasun Batzordearen irizpena onartu eta inbestidura saioaren data jakinarazteko.
Pradalesek bermatuta ditu lehendakari izendatzeko behar dituen botoak, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitute (39 boto).
Beste taldeek ere euren hautagaiak aurkez ditzakete inbestidura eztabaidara, eta hala, argitzeke dago EH Bilduk Pello Otxandiano aurkeztuko ote duen. Dena dela, koalizioak ez du hautagaitza aurrera ateratzeko beharrezko babesik.