Erroldaren erreforma
Macron Kaledonia Berrira joan da elkarrizketak abiatzeko, bederatzi eguneko protesten ostean
Agentziak | EITB Media
Frantziako presidentearen bidaia itsasoz haraindiko lurraldeetako arduradun eta ordezkarien eskaeren ondorio da. Horiek elkarrizketa-prozesu bat eskatu zioten estatuburuari, protesten zergatiari heltzeko, hau da, hauteskunde-erroldaren erreformari.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Kaledonia Berrira joan da, elkarrizketak abiatzeko asmoz, bederatzi eguneko protesten ondotik.
Frantziako Gobernuko bozeramaile Prisca Thevenotek eman du bidaiaren berri, asteroko Ministroen Kontseiluaren ostean. Exekutiboaren batzarrean Hego Pazifikoko artxipelago horretako egoera izan dute eztabaidagai. Azken egunetan egoerak hobera egin duen arren, oraindik ez da normaltasuna erabat berrezarri.
Macronen bidaia itsasoz haraindiko eskualdeetako arduradunek eta lurraldeetako ordezkariek egindako eskaeren ondoren etorri da; izan ere, estatuburuari elkarrizketa-prozesu bat eskatu diote, protesten zergatiari heltzeko, hots, hauteskunde-erroldaren erreformari.
Protestak joan den asteko asteartean areagotu ziren, Parlamentuak errolda hori zabaltzea onartu ondoren. Errolda hori blokeatuta dago 1998tik, Numeako akordioen egunetik.
Orduan, Frantziako Parlamentuak errolda zabaltzeko baimena eman zuen, bai urte horren ondoren jaiotakoentzat, bai gutxienez hamar urte artxipelagoan eman duten frantziarrentzat.
Protesta Parisen. Argazkia: EFE
Independentistek erreforma hori errefusatu dute, bertako indigenen pisua desagertuko dela eta kanpotik datozen pertsonena handituko dela uste baitute, bereziki Frantzia metropolitarretik datozenena. Independentistek gobernu autonomoaren bost instantzietatik lau kontrolatzen dituzte.
Indarkeriak sei hildako (lau zibil eta bi jendarme) eta ehunka atxilotu utzi ditu dagoeneko. 400 bat eraikin guztiz suntsituta daude edo kalte handiak dituzte Numea hiriburuan eta inguruetan.
Protestak hasi ostean, Macronek proposatu zuen erroldaren erreforma atzeratzea eta elkarrizketa politikoa abiatzea alde guztien artean.
Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen joan den astean, mila polizia gehiago bidali zituen dagoeneko lurraldean zeuden 1.700 jendarmeei laguntzeko, eta nazioarteko aireportua eta portuak babespean jarri zituen.
Hala ere, La Totountako nazioarteko aireportu horrek, Numeatik 45 kilometrora, itxita jarraituko du, gutxienez datorren larunbatera arte.