Elkarrizketa Radio Euskadin
Anduezak uste du EH Bilduk "zailtasunak" dituela hauteskunde emaitzek eragindako "frustrazioa kudeatzeko"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
PSE-EEren idazkari nagusiak koalizio subiranista kritikatu du ez omen duelako "egoera politikoa ulertu". Horren iritzian, emaitzek "goraka doan PSE-EEri eman diote protagonismoa". EAJrekin egiten ari diren negoziazioi buruz, "duela lau urte baino azkarrago" doazela baino ez du esan.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia uzkur agertu da hurrengo Jaurlaritza osatzeko EAJrekin darabiltzaten negoziazioei buruz hitz egiteko, eta "diskrezioa" aldarrikatu du beste behin. EH Bildu hartu du ahotan, uste baitu koalizioak "zailtasunak" dituela EAEko hauteskunde emaitzek eragindako "frustrazioa kudeatzeko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu dionez, sozialistek uko egin diete EH Bilduk biltzeko egindako proposamenari, ez baitzen horretarako "momentua". "Sentsazioa daukat EH Bilduk ez duela une politikoa ulertu, eta ez duen protagonismoaren bila dabilela. Uste zuten eurek irabaziko zituztela bozak, eta azkenean lortu ez duten protagonismo edo zentralitate bat izango zutela (...) Beste batzuek lortu dugu zentralitate hori", adierazi du. Anduezaren ustez, "goraka doan PSE-EE bat" marraztu dute azken hilabeteetako hauteskundeek.
Jeltzaleekin negoziatzen ari direnaz galdetuta, Eusko Legebiltzarrean PSE-EEren bozeramaile ere badenak berretsi du "ondo bidean" doazela eta "hainbat bloke itxita" dituztela. "Erritmo onean doaz, duela lau urte baino azkarrago agian", gaineratu du. Buruzagi sozialistak berriro esan du "edozein erantzukizun bere egiteko" prest daudela eta lehendakariorde izateko erabakia "azkena" izango dela. "Azkeneraino izango dugu suspensea", aurreratu du.
Besteak beste, jakinarazi du gobernu programak jasota edukiko duela Osakidetzak dituen arazoei aurre egiteko "profesional nahikoaz" hornitu behar dela —2.000 bat direla zehaztu du Anduezak—. Etxebizitza politikei buruz, aurreratu du "protagonismo oso garrantzitsua" izango dutela PSE-EEk kudeatzen baditu. Azkenik, Gernikako Estatutua berritzearen alde egin du, baina horretarako, azpimarratu duenez, "batzuek euren obsesio nazionalistak alde batera utzi beharko dituzte".