EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
PSOEk irabaziko lituzke Europako bozak Estatu espainiarrean, PPri bost puntuko aldea aterata
AGENCIAS | EITB MEDIA
CISek gaur kaleratutako inkestaren arabera, Estatu espainiarren PSOEk 21-24 eurodiputatu eskuratuko lituzke eta PPk 18-20. Voxek aurrea hartuko lioke PPri, eta Alvise Perez ultraeskuinarraren alderdiak ordezkaritza lortuko luke.
PSOEk irabaziko lituzke Europako Hauteskundeak Estatu espainiarrean, Alderdi Popularrari bost puntuko aldea aterata, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Institutuak (CIS) gaur kaleratutako inkestaren arabera. Sozialistek 21-24 eserleku eskuratuko lituzkete, botoen % 32,8-35,2, eta popularrek 18-20 eserleku, % 27,7-30,2. Egun, PSOEk 21 ordezkari ditu Europako Parlamentuan, eta PPk 13. Hori horrela, popularrek nabamen egingo lukete gora.
Voxen gorakada ere aurreikusten du galdeketak, eta aurrea hartuko lioke Sumarri; Euroganberan lau eserleku izatetik bost-sei izatera igaroko litzateke alderdi ultraeskuindarra, botoen % 8,6-10,1 bereganatu ondoren. Sumarrek, berriz, lau ordezkari eskuratuko lituzke, eta Podemosek 2-3. Orain bost urteko hauteskundetan, Podemos-IU koalizioak sei lortu zituen.
ERCk, BNGk eta EH Bilduk osatzen duten Orain Errepublikak koalizioari CISek % 3,9 eta % 5 arteko boto estimazioa ematen dio, bizpahiru eserlekurekin. Duela bost urte, koalizio horrek berak, orduan Oriol Junqueras buru zela, bozen % 5,64 eta hiru eurodiputatu lortu zituen.
Juntsi dagokionez, CISek % 2,2 eta % 3 arteko boto estimazioa eman dio, eserleku bat edo birekin, 2019an Carles Puigdemontek % 4,59rekin eta bi diputaturekin lortu zuen emaitzaren azpitik.
CISen arabera, aldiz, EAJk, Coalicion Canariak eta Geroa Baik osatzen duten Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) ordezkaritza arriskuan legoke; 2019an eserleku bat bereganatu zuten, bozen % 2,85ekin; orain, ordea, % 1,1etik % 1,6ra bitarteko babesa eta zero eta eurodiputatu bat artean ematen die inkestak.
Beherakadarik handiena Ciudadanosentzat aurreikusten du CISen inkestak, zazpi eurodiputatu izatetik bat edo bi izatera igarota.
Eta Europako Parlamentutik kanpo, % 0,5 baino gutxiagorekin, Existe koalizioa geratuko litzateke, Tomas Guitarte buru duena, eta hustutako Espainiako alderdiak biltzen dituena. Inkestan ez da aipatu ere egin Izquierda Española, PSOE, Ciudadanos eta UPyDko militante ohiak biltzen dituen indarra, ekainaren 9an estreinatuko dena.
Beste datu deigarrietako bat da 'Se acabo la fiesta' Luis Perez Fernandez Alviseren hautagaitza ultraeskuindarrak ordezkaritza lortuko lukeela ekainaren 9ko bozetan.
Maitzaren 8tik 17ra egindako 6.534 elkarrizketetatik atera dituzte emaitzok.