Auzitegi Nazionala
Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko zigorrak eskatu ditu sei lagunentzat, ongietorriak antolatzeagatik
EITB Media
Sortuko Oihana Garmendia, Haimar Altuna eta Oihana San Vicente, eta ETAko kide izandako Kai Saez de Egilaz, Antton Lopez Ruiz eta Felipe San Epifanioren kontrako ahozko epaiketa zabaltzeko eskatu du ETAkoak izandako presoei harrera ekitaldiak antolatzeagatik, 2016 eta 2020 bitartean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu sei euskal herritarrentzat, erakunde kriminaleko kide izatea eta terrorismoa goratzeko delitu jarraitua egitea leporatuta, ETAkoak izandako presoei ongietorriak antolatzeagatik 2016 eta 2020 artean.
Carlos Garcia Berro fiskalak, ostegunean argitaratutako dokumentu batean jasotzen duenez, Sortuko Oihana Garmendia, Haimar Altuna eta Oihana San Vicente, eta ETAko kide izandako Kai Saez de Egilaz, Antton Lopez Ruiz eta Felipe San Epifanio herritarren kontrako ahozko epaiketa zabaltzeko eskatu du, aipatu delitu horiek egin izanagatik.
Espetxe zigorrez gain, Fiskaltzak omenaldi horiek antolatzeko erabilitako gailuak konfiskatzea eskatu du, bai eta 2021ean behin-behinean itxitako KaleraInfo kazeta eta kalerakalera.eus webgunea behin betiko ixtea ere, ustezko delitu horiek egiteko erabili izango ziren Facebookeko zazpi profil, Twitterreko bost eta Youtubeko lau kanal ixtearekin batera.
2020ko urtarrilean atxilotu zituen Guardia Zibilak Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Antton Lopez 'Kubati' eta Oihana Garmendia, Auzitegi Nazionalak agindutako operazio batean. San Vicente eta Altuna Sorturen Arabako eta Gipuzkoako arduradun politikoak ziren atxilotu zituztenean, eta Garmendia eta Lopez, Kalera Kalerako kideak. Egunean bertan utzi zituzten behin-behinean aske.
Urte bereko martxoan deklaratu zuten Auzitegi Nazionalean eta ukatu egin zuten ETAko presoei, espetxetik ateratzean egindako harrera ekitaldien atzean egitura edo antolakuntzarik egotea eta, azpimarratu, preso jakin batzuekin zuten harremanagatik hartu izan zutela parte ekitaldietan.
Aurtengo urtarrilean, abiada hartu zuen atzera auziak, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAko presoei buruzko "jarraibideak" lituzketen Sorturen txatak ikertzen ari zela iragarri zuenean, baina txaten kontua hau onetsi ez eta instrukzio fasea ixtera behartu zuen, Fiskaltzak Garcia Castellon.
Gauzak horrela, apirilean, aipatutako sei lagunen kontrako epaiketa eskatu zuen Garcia Castellonek eta, horren ondotik dator Fiskaltzaren eskaera.