Elkarrizketa
Ibarra: 'Uribetxebarriak heriotza duinerako eskubidea du'
Erredakzioa
Hala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak uste du baldintzapeko askatasuna ematen badiote "zigortutako pertsona" izaten jarraituko duela eta "baldintza zorrotzetan" egongo dela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du Josu Uribetxebarria presoak "heriotza duinerako eskubidea" duela, baina azkenean baldintzapeko askatasuna ematen badiote "zigortutako pertsona" izaten jarraituko duela eta "baldintza zorrotzetan" egongo dela.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, presoari buruz egindako txostenek komunean dutena hartzen du aintzat, gaixotasun "larria" duela eta ez duela 6-12 hilabete baino gehiago bizirik iraungo.
Ibarraren esanetan, "gizatasun printzipioa" dagokie preso guztiei, eta horrek "heriotza duinerako eskubidea" hartzen du bere baitan, baina egungo kartzelako legediarekin talka egiten du "kontrakoain oinarritzen baita", arreta presoaren delituetan jarriz.
Estrasburgok atzera botako du 'Parot doktrina'ren helegitea
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ren kontra emandako ebazpenaz ere hitz egin du Ibarrak, eta Espainiako Gobernuak aurkeztuko duen helegitea ziurrenik atzera botako dutela esan du, estatistikak hori erakusten duela behintzat.
Justizia legeetara egokitzen da "soilik"
Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak azpimarratu du Justizia Administrazioak eta botere judiziala "legera" egokitzen direla "soilik", "ez garai berrietara", ETAk jarduera armatua amaitu ostean sortu den garai politikoari erreferentzia eginez.
Gainera, presoen aldeko manifestazio edo bestelako protesta ekintzen debekuari buruz galdetuta, Ibarrak argi adierazi du lege horiek ez direla aldatu, beraz, ebazpenak ETAren jarduera armatua zegoenean ematen ziren berdinak izaten jarraituko dutela.