Presoak
Sorturen arabera ez dago deliturik ongi etorrien auzian, eta beste "lawfare" kasu bat da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aiert Larrarte abokatuak nabarmendu duenez, "urteak dira presoei harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten", eta "zentzugabea" iruditzen zaio gaur egun auzi hori irekita mantentzea.
Sorturen arabera "ez dago deliturik" presoei antolatutako ongi etorrien auzian, eta "Espainiako egungo gobernua higatzea xede duen beste 'lawfare' kasu bat besterik ez da".
Aiert Larrarte abokatuak, eta Oihana San Vicente eta Haimar Altuna auzipetu eta Sorturen zuzendaritzako kideek hartu dute hitza astearte honetan, Donostian egindako agerraldian. Adierazi dute zentzugabea dela gaur auzi hau irekita izatea. Hala, ongi etorriak iraganeko kontua direla nabarmendu dute, eta jada gaindituta dagoen eszenatokia dela hura.
Zehazki, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak sei pertsona epaitzea eskatu du, bi delitu leporatuta: erakunde gaizkile batean parte hartzea, eta umiliazio eta gorazarre delitu jarraia. Hain zuzen ere, 2016 eta 2024 urteen bitartean 120 ongi etorri antolatzea leporatzen diete.
Sortuko sei auzipetuentzako 9 urte arteko espetxe-zigor eskaerak egin dituzte. Dignidad y Justicia elkrteak auzipetu bakoitzarentzat 6 urte eskatzen ditu aipatutako lehen delituagatik, eta 2 urte eta 8 hilabete bigarrenagatik; baita PPk ere. AVTk, berriz, 6 urte eta 3 urte, hurrenez hurren.
Dena dela, deliturik ez dagoela azpimarratu du Larrartek. Gehitu du horrelako deliturik egon dadin biolentzia adierazpenak egon behar direla, eta ez daudela. Eta azkenik, erantsi du kausa orokor bat egin nahi izan dela, "biktimei umiliazioa kontzeptu juridiko bihurtu nahian".
Altunak eta San Vicentek nabarmendu dute iraganeko kontua dela ongi etorriena: "Elkarbizitzaren ikuspegitik, urteak dira presoei harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten. Besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea duten biktimen ahotsa entzun duelako eta, horri kasu eginez, euskal presoek eurek hala erabaki zutelako". Nabarmendu dute euskal jendartea urratsak egiten ari da elkarbizitza eraikitzeko bidean, baita ezker abertzalea ere.
Horregatik, beste lawfare kasu bat dela salatu dute, bi helbururekin: "Lotura zuzena du Espainiako Estatuan bloke erreakzionarioa eta estatu sakona burura eramaten ari diren ofentsibarekin. Azken hamar urteotan aurreratutako bidea kaltetu nahi dute kriminalizazioaren eta errepresioaren bidez, giroa gaiztotuz eta harreman politikoak zailduz, egungo Espainiako Gobernua erorarazteko".