HAUTESKUNDEAK
Europako hauteskundeetako emaitzak ez dira 23:00ak baino lehen jakingo
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAEn 721 hautesleku prest izango dira, eta, aurreko hitzorduetan bezala, herritarrek 09:00etatik 20:00ak arte izango dute botoa emateko aukera. Ildo horretatik, 2.689 mahai eratuko dira.
Europako hauteskundeetako emaitzak ez dira 23:00ak baino lehen jakingo; izan ere, herrialde kide guztiek boto-zenbaketak amaitu arte itxarotera behartzen du Europar Batasuneko araudiak. Gurean, 1.791.167 euskal herritarrek izango dute botoa emateko aukera igandean.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 721 hautesleku prest izango dira ekainaren 9ko hitzordurako, eta, aurrekoetan bezala, herritarrek 09:00etatik 20:00ak arte izango dute botoa emateko aukera. Ildo horretatik, 2.689 mahai eratuko dira, eta ia 40.000.000 boto-paper jarriko dituzte bozketa-zentroetan. Guztira, 49.898 pertsonak eskatu dute botoa posta bidez ematea.
EAEko hauteskunde-mahaietan 8.067 presidente eta bokal egongo dira. Horrez gain, 16.134 ordezko deitu dituzte Europako hauteskundeetarako. Horrez gain, Estatuko Administrazio Orokorreko 1.851 ordezkarik dena dagokion moduan igarotzen dela egiaztatuko dute, eta datu guztiak behar bezala igortzeaz arduratuko dira; horretarako, 896 gailu mugikor erabiliko dituzte.
Hauteskunde eguneko segurtasun dispositiboari dagokionez, EAEn 1.520 agente izango dira buru-belarri lanean: 939 ertzain, 288 udaltzain, 173 Espainiako polizi eta 120 guardia zibil, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ostegun honetan azaldu duenez.
Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek ere botoa eman dezakete igandean, eta botoa egokitzeko 20 eskaera jaso dituzte dagoeneko. Herritar horiek braillie sistemara egokitutako botoa eman ahal izango dute, normaltasunez eta diskrezioz.
EITBk programazio berezia eskainiko du ekainaren 9an, Europako hauteskunde eguna eta gaua gertutik jarraitzeko, informazio guztiarekin.