Itxi

Katalunia

Astelehen honetan osatuko da Kataluniako Parlamentua, boto telematikoari buruzko erabakiaren zalantzarekin

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du aurreko legegintzaldian boto telematikoa ahalbidetu zuen erabakia, eta orain Adinaren Mahaiak ebatzi beharko du agindua betetzen duen ala ez.

Aragones ez da egongo Kataluniako Parlamentu berrian. Argazkia: EFE

Astelehen honetan, 16:00etatik aurrera, Kataluniako Parlamentua osatzeko osoko bilkura egingo dute, eta zalantzan dago bertaratu ezin izango diren hiru diputatuek, tartean Carles Puigdemont presidentegaiak, parte hartu ahal izango duten ala ez, Auzitegi Konstituzionalak boto telematikoa galaraztea erabaki ostean.

Legegintzaldiko lehenengo osoko bilkura Europako hauteskundeen biharamunean izango da, Parlamentuaren presidentearen, bi presidenteordeen eta Mahaiko lau idazkarien aukeraketarekin, eta inbestidurari begira izan daitezkeen aliantzen aurrekaria izan daiteke.

Indar independentistak "Mahai antierrepresiboa" osatzeko akordioa bilatzen ari dira, eta hor komunen babesa izango lukete, eta PSCk ez luke presidentzia izango, baina sozialistak bestelako gehiengoak bilatzen saia daitezke.

Parlamentuaren osaketaren saioa egin ostean (Agusti Colomines Juntsekoa izango da Adineko Mahaiaren buru diputatu zaharrena delako), hamar eguneko epea irekiko da hurrengo presidentearen inbestidura saiorako, eta beranduenera ekainaren 25ean izango da.

Parlamentuko presidente berriak bilera sorta egingo du alderdiekin, eta horren ostean, lehenengo inbestidurarako hautagaia izendatuko du. Salvador Illa maiatzaren 12ko hauskundeetan garaipen zabala lortu zuen PSCren hautagaiak eta Carles Puigdemont JxCatenak jada esan dute inbestiduran aurkezteko asmoa dutela.

Hautagaiak lehenengo bozketan gehiengo osoa eta bigarrenean gehiengo sinplea lortzen ez badu, bi hilabeteko epea irekiko da inbestidura saio gehiago egiteko, eta horietan ere inork arrakastarik lortzen ez badu, hauteskundeak errepikatuko lirateke urrian.

Boto telematikoa

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen aurreko ostegunean Lluis Puigi (JxCat) erbestetik botoa ematea ahalbidetu zion erabakia, eta horrek eragina izan dezake presidentearen bozketan, hiru diputatu baitaude bertaratu ezin direnak, tartean Puigdemont.

Konstituzionalak aho batez onartu zuen PSC-Unitsek aurkeztutako helegitea aurreko legegintzaldian Parlamentuko Mahaiak Puigi telematikoki botoa emateko hartu zuen erabakiaren aurka.

Hori horrela, Colomines buru duen Adineko Mahaiak ikusi beharko du Konstituzionalaren erabakia onartzen duen ala botoa ematen utziko dien erbestean dauden Carles Puigdemont eta Lluis Puig JxCateko diputatuei, eta bajan dagoen Ruben Wagensberg ERCkoari.

PSCk 42 ordezkari ditu Parlamentuan, JxCatek 35, ERCk 20, PPk 15, Voxek 11, Comuns Sumarrek 6, CUPek 4 eta Aliançak 2.

Albisteak (2)