Itxi

Europako hauteskundeak

Parte-hartzea % 40,58koa izan da Euskadin eta % 41,28koa Nafarroan 18:00etan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

2019ko hauteskundeetakoak baino datu okerragoak dira, baina orduan udal eta foru hauteskundeekin batera egin zituzten, eta horrek eragina izan ohi du parte-hartzean.

Bi pertsona bozkatzen Iruñean. Argazkia: EFE

Igande honetako Europako hauteskundeetako parte-hartzea % 40,58koa izan da Euskadin eta % 41,28koa Nafarroan 18:00etan. Euskadiko parte-hartzearen datua ia 12 puntu txikiagoa da 2019ko hauteskundeekin alderatuta. Hala ere, orduan udal eta foru hauteskundeekin batera egin zituzten, eta horrek eragina izan ohi du parte-hartzean. Nafarroan, boto-emaileen kopurua 14 puntu handiagoa izan zen orain dela bost urte.

Barne Ministerioak zabaldutako parte-hartzearen lehen datuen arabera, ordu horretarako 697.322 pertsona joan dira botoa ematera Euskadin eta 204.161 Nafarroan.

Eguerdiko 14:00etan, parte-hartzea % 29,2koa zen EAEn, eta % 30,77koa Nafarroan.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, parte-hartzerik txikiena Araban izan da; izan ere, 18:00etara arte, 97.433 pertsonak eman dute botoa, hau da, hautesleen % 38,29k. Bizkaian 375.362 pertsona joan dira botoa ematera, hau da, boto-eskubidea duten herritarren % 41,52. Azkenik, Gipuzkoan parte-hartzea erroldaren % 40,18koa da, beraz, 224.527 pertsona joan dira bozkatzera.

Espainia osoan, parte-hartzea % 38,35ekoa izan da 18:00etan, 2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan baino 11 puntu txikiagoa, Francesc Valles Komunikaziorako Estatu idazkariak eta Susana Crisostomo Barne Ministerioko idazkariordeak jakitera eman dutenez.

370 milioi europarretik gora daude botoa ematera deituta Europako Parlamentuko 720 diputatuak aukeratzeko.