EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
Zentroak gehiengoari eutsi dion arren, Europak eskumarago begiratuko du legealdi berrian
EITB MEDIA
Eskumarago arituko da Europar Parlamentua datozen bost urteetan, baina zentroak lortu du gehiengoari eustea.
Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzek eskumarago begiratzen duen Europa bat marrazten dute datozen bost urteetarako. Hala ere, zentroko alderdiek eutsi egin diote gehiengoari, eta Europaren aldeko koalizio egonkor bat lortzen saiatuko dira.
Hauteskunde gaueko gakoak
Europako Alderdi Popularrak behin-behinean lortu dituen 185 eserlekuek lehen indar gisa kokatzen dute hurrengo Euroganberan. Espainia edota Alemania bezalako herrialdeetan izandako emaitza onek, aurreko legegintzaldian baino hamar eserleku gehiago eman dizkiete popularrei.
Emaitza honek Europako Parlamentuko gehiengoen giltza eman die, orain arte liberalen eskuetan. Seguruenik, sozialdemokratekin eta liberalekin bat egingo dute, Europaren aldeko koalizio bat osatzeko. Hala ere, beti izango dute aukera euren botoak ultrakontserbadoreen eta eskuin muturrekoen botoekin batzeko, noizbehinka bada ere.
Sozialdemokratek eutsi egin diote
Europako Sozialisten eta Demokraten Aliantzak (S&D) orain amaituko den legegintzaldian baino bi eserleku gutxiago izango ditu. PSOE izango da taldeko ordezkaritza handiena, 20 ordezkarirekin, eta Italiako Alderdi Demokratikoa bigarrena, 19rekin; Olaf Scholz kantziler alemaniarraren SPD alderdiak, berriz, 15 diputatu izango lituzke. Frantziako eta Errumaniako sozialistek beste 13 eurodiputatu jarriko lituzkete.
Liberalen eta berdeen gainbehera
Europa Berritu liberalek eta Berdeak/Europako Aliantza Librekoek hogeina diputatu galdu dituzte, eta lehenengoak hirugarren indar gisa mantenduko badira ere, ekologistak laugarren postutik seigarrenera jaitsiko dira.
Biek ala biek euren emaitzarik onenak lortu zituzten 2019an.
Ultraeskuinak gora egin du
Azken proiekzioen arabera, ultraeskuinak Euroganberan izango duen ordezkaritza handitu egingo du. Frantziatik haratago, eskuin muturraren bultzada Alemanian ere nabari da. Beraz, Europar Batasuna sorreratik gidatu duen ardatz franko alemaniarrak orain arte ezezaguna izan den mapa politikoa izango du.
Horren ondorioz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Asanblea Nazionala desegin du eta hauteskundeak deitu ditu ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako, bere alderdiaren porrotaren ostean.
Kristau-demokratak lehen indar politiko bihurtu dira Alemanian, baina Alemaniaren aldeko Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdia bigarren indarra da, sozialistak eta ekologistak ere garaitu baititu.
Belgikan ere, Open VLD alderdi liberalak gainbehera egin du hauteskunde federaletan, eskualdekoetan eta Europakoetan. Ondorioz, Alexander De Croo lehen ministroak kargua uzteko asmoa agertu du.
Parte-hartzea
2024ko hauteskunde hauetan, parte-hartzea % 51koa izan da, orain lau urtekoaren oso antzekoa.