Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Estatutu berri baterako EAJren eta PSE-EEren arteko ituna 2025ean onartu daitekeela uste du Ortuzarrek

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

EAJren EBBko presidenteak nabarmendu duenez, ekainaren 22an ezagutaraziko dira gobernuaren egitura eta sailburuen izenak. Halaber, sinesgarritasuna kendu dio Estatu mailako bozetan elkarrekin aurkezteko Otegik EAJri egindako eskaintzari.

Andoni Ortuzar

EAJk eta PSE-EEk Estatutu berri bat onartzeko konpromisoa hartu dutela ezagutu eta biharamunean, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi du Estatutu itun berria 2025a amaitzerako onartu daitekeela, beti ere, "borondatea" baldin badago. Jeltzaleek eta sozialistek Eusko Jaurlaritza osatzeko lortu duten aurreakordio programatikoan jasota dago, hain zuzen ere, Estatutu berri bat onartzeko konpromisoa betiere bere "eskumenen eta indarrean dagoen legediaren barruan".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, Pedro Sanchezen inbestidura akordioaren baitan EAJk eta PSOEk autogobernuaren arloan adostutakoak bidea erraztu du orain PSE-EErekin.

Autogobernuari buruzko akordio horretan "alderdi guztiak" egotea gustatuko litzaiokeela onartu du Ortuzarrek. Ildo horretan, EH Bildu eta Sumar batu daitezkeela uste du, baina zail ikusten du PP gehitzea.

Behin Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "babes zabala" izango duen testu bat lortuta, ez du uste arazorik egongo denik gaur egungo Espainiako Gorteek Estatutu berriari oniritzia emateko.

Edozein kasutan, Ortuzarren ustez, Gernikako Estatutuan oraindik transferitu gabe dauden eskumenak "alde batera utzi gabe" egin beharko litzateke prozesu hori. Are gehiago, hauteskunde hitzorduak igarota, transferentziak "azkartu" egin behar direla uste du.

Eusko Jaurlaritza berriaren egituraz galdetuta, sailen banaketa eta sailburuen izenak ekainaren 22an ezagutaraziko direla adierazi du Ortuzarrek, Imanol Pradales lehendakaria izango denak Gernika karguaren zina egin ondoren.

Azkenik, Ortuzarrek sinesgarritasuna kendu dio Estatu mailako bozetan "herri gisa" aurkezteko EH Bilduk EAJri egindako eskaintzari.