Frantzia
Le Penen ultraeskuinak akordioa itxi du Ciottiren errepublikarrekin hauteskundeei begira
EITB Media
Eric Ciotti errepublikarren presidenteak, ordu batzuk lehenago, atea ireki dio RNrekin aliantza bat egiteko aukerari, eta barne-krisia eragin du alderdian, izan ere, eskuin muturrarekin akordio bat ixtearen aurka zeuden alderdikide asko.
Jordan Bardella RN ultraeskuineko alderdiaren presidente eta Frantziako hauteskunde legegileetarako alderdi horren hautagai nagusiak gaur baieztatu duenez, "akordioa" lortuko dute Errepublikarrekin (LR), Eric Ciotti buruzagiak aukera horri ateak ireki ostean.
"Pozten naiz Eric Ciottik dei horri baiezko erantzuna eman diolako, eta gaur arratsaldean baieztatzen dizuet, beraz, hauteskunde legegile hauetan akordio bat egongo dela RNren eta LRen artean", adierazi du Bardellak France 2 irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Gauzak horrela, Bardellak baieztatu du Ciottirekin harremanetan dagoela oraindik, eta "datozen orduetan" eta "ziurrenik" gauera arte jarraituko duela negoziatzen, baina aurreratu du "dozenaka" hautagai errepublikar RNren "babesa" jasoko duela.
LR eta RN ez daude ados funtsezko erreforma batzuetan, pentsioetan, esaterako. Gai horren inguruan galdetuta, Bardellak ez du adierazpenik egin nahi izan, baina Ciottiren alderdiarekin duen akordioa "erosteko ahalmenaren, segurtasunaren eta immigrazioaren" proposamenetan oinarrituko dela azpimarratu du.
Errepublikarren presidenteak ateak ireki dizkio ordu batzuk lehenago Marine Le Pen buru duen RNrekin aliantza bat egiteko aukerari. Horrela, alderdiaren barruan krisia eragin du, alderdikide gehienak eskuin muturrarekin akordioa ixtearen aurka zeudelako.
Mugimendu politiko hori Emmanuel Macron presidenteak hilabete amaierarako hauteskunde legegileak aurreratzeko hartutako erabakiak markatutako testuinguru batean gertatu da, Le Penek Europako hauteskundeetan lortutako garaipenari erantzuteko, ultraeskuinak botoen % 31 baino gehiago lortu baitzituen.
Ezkerreko alderdi nagusiek --Frantzia Intsumisoa, Alderdi Sozialista, Berdeak eta Alderdi Komunista-- bezperan iragarri zuten "fronte herrikoi berri" bat osatzeko aurreakordioa, eskuin muturra eta makronismoa geldiarazteko.
Ildo horretan, Euskal Herria Bai prest agertu da "historikotzat" jo duen fronte horretan parte hartzeko. "Ezkerreko indar guziak batzen dituen fronte herrikoiaren osaketa txalotzen dugu", adierazi du Ipar Euskal Herriko koalizio subiranistak.
¿ Ezkerreko indar guziak batzen dituen fronte herrikoiaren osaketa txalotzen dugu.
— EH Bai (@EHBai) June 10, 2024
Ipar Euskal Herriko ezkerreko lehen indar gisa, EHBai prest da Euskal Herrian desmartxa historiko honetan parte hartzeko. pic.twitter.com/aEyUmYNpne