Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Eneko Andueza, Jaurlaritza berriaren banaketaz: "Hau ez da enkante bat, merkatu bat, negoziazio bat da"

O. A. | EiTB Media

Leer en Castellano

PSE-EEko idazkari nagusiak ez du argitu sozialistek zein sail kudeatuko dituzten, baina orain arte baino bat gehiago, lau, zuzenduko dituztela berretsi du. Sailburu izango diren pertsonak berak aukeratuko dituela nabarmendu du, sailak kudeatzeko "onenak" direnak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berriaren egitura eta sailen banaketa negoziatzen jarraitzen dute, koalizio gobernua osatzeko aurreakordio programatikoa lortu eta gero. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak baieztatu du PSE-EEk lau sailburu izango dituela hurrengo gobernuan, orain arte baino bat gehiago, zein sail kudeatuko dituzten zehaztu gabe.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Eneko Anduezak azaldu duenez, negoziazioak zabalik daude, eta horrela den bitartean, "seriotasunez" arituko dira. "Hau ez da enkante bat, merkatu bat, negoziazio bat da", gaineratu du.

Halaber, egungo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak banatzearen alde egin du.

Edonola ere, PSE-EEk gobernu berrian pisu gehiago izango duela nabarmendu du, hiru sailburu izatetik lau izatera igaroko baita. Anduezaren ustez, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan sozialistek legebiltzarkide gehiago lortu dituztenez gobernuan "indar handiagoa" izan behar dute.

Sailburu izango direnen inguruan galdetuta, ez du izenik eman nahi izan. Edozein kasutan, berak aukeratuko dituela azpimarratu du. Horren esanetan, sail bakoitzerako "onenak" hautatuko ditu, lurralde oreka kontuan hartu gabe. Halaber, ez du argitu Denis Itxaso sailburu izango den ala ez.

Audioak (1)