Elkarrizketa Radio Euskadin
Pradalesek bilera sorta deitu ez izana kritikatu du De Andresek: "Deitu ere ez digu egin"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EAEko PPren presidenteak ez du uste EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak Hezkuntzan, Osasunean edo Etxebizitzan dagoen egoera "penagarria" konpontzerik izango duenik, "eurek sortu dute eta", arrazoitu du. Industria ere "gainbeheran" ikusten du De Andresek.
Javier de Andres Euskadiko PPren presidenteak estu hartu du gaur Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia ez baitu inbestidura aurretik bilera errondarik deitu. "Nik neuk Pradalesek baino borondate gehiago daukat elkarrizketarako, berak ez digu deitu eta. Bilera sorta egin izan balitz, ni joango nintzateke, baina ez digu deitu. Hauteskunde gauean hitz egin nuen berarekin, eta ordutik ez dut haren berri izan", salatu du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, PPren EAEko buruak azpimarratu du jeltzaleen eta sozialisten Jaurlaritza berriak ez dituela Euskadiren arazoak konponduko. Horren hitzetan, Hezkuntzaren egoera "penagarria" da, Osasunean "gainbehera handia" dago, "segurtasun eza" dago kaleetan, eta Etxebizitza alorrean, Espainiako udalerri garestienetako batzuk Euskadin daude (Donostia eta Zarautz aipatu ditu). Argudiatu duenez, "eurek lehentasunezkotzat jo dituzten puntuetako batzuk dira txarren doazenak. Baina ez dakit zer konponduko duten, egoera eurek sortu dute-eta".
Industria ere hizpide hartu du buruzagi popularrak, eta sektore honetan izandako "balio erantsi galera ikaragarria" deitoratu du. "Duela urte batzuk industria Barne Produktu Gordinaren % 50 zen, orain % 20 da", zehaztu du, eta jeltzaleak eta sozialistak egin ditu horren erantzule. "EAJk, nagusiki, eta PSE-EEk, modu iraunkorrean babestu duelako, egindako kudeaketaren emaitza da. Susmoa dut gainbeheraren ziklo berean jarraituko dugula", gaineratu du.
Euskadin autogobernu gehiago behar ote den galdetuta, De Andresek erantzun du berak ez duela uste autogobernu gehiago izatea "hobea" denik, eta mundua "kontrako norabidean" doala erantsi du; "Europako herrialdeak batzen ari dira", argudiatu du. Horren iritzian, "garrantzitsuena daukaguna ondo kudeatzea da", eta eskuduntza gehiago izatea baztertu ez badu ere, nabarmendu du batzuk "hobe dela Espainian edo Europar Batasunaren baitan, eremu handiagoan, kudeatzea".
Azkenik, esan du Gernikako Estatutua "hobe" litekeela. "Idatzita dagoen bezala, inork ez zuen uste Euskadin gazteleraz ikasteko aukerarik egongo ez zenik edo euskaraz ez jakiteagatik, lanpostu publiko bat eskuratzeko aukerarik egongo ez zenik", azaldu du.