KATALUNIA
Kataluniarako finantzaketa berria Illaren inbestidurari baldintzatzea "xantaia" dela salatu du Puigdemontek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniarentzat kontzertu ekonomikoa ezartzeko aukera baztertu du PSOEk. Testuinguru horretan, Kataluniako inbestidura saiorako hautagaiak bilatzeko bilera-sorta abiatu dute astelehen honetan ERCk eta Juntsek.
Kataluniako finantzazio berria Salvador Illa PSCko hautagaia Generalitateko presidente izateko inbestidurari baldintzatzea eskandalutzat jo du astelehen honetan Carles Puigdemont Junts+ koalizioaren hautagaiak.
'X' sare sozialean zabaldutako mezu batean, Espainiako Gobernutik egindako proposamen hori "xantaia" dela salatu du Kataluniako presidente ohiak, eta bertako alderdi independentistek jasaten omen duten "bidegabekeria" sozialistak Kataluniako Gobernuan ez egoteagatik ote den galdetu dio Sanchezi.
Kataluniako buruzagiek gehiegizko tratua eskatzen dutela uste dutenei "argudioak ematea" ere leporatu dio Puigdemontek Sanchezi. "Eskatzen duguna soilik emango zaigu, ez bidezkoa delako, baizik eta Espainia gobernatzen ari den alderdiak Kataluniako Gobernua edozein preziotan eskuratu nahi duelako", gaineratu du idatzi horretan.
Moralaren aurkakoa iruditzen zaio "kataluniarren ongizatearekin eta etorkizunarekin jolastea", bere iritziz, alderdi sozialistarentzat "onurak" lortzeko edozein txanpon emateko prest baitago. Puigdemonten arabera, "sozialistak kaltetuak direnean bakarrik gogoratzen dira bidegabekeriez".
Gauzak horrela, PSOEk Espainiako hauteskunde orokorrak galdu zituen arren, agintea eskuratzeko aukera eman zioten alderdien babesak nahi ote dituen galdetu die sozialistei, Sanchez inbestitzeko Juntsek Kongresuan emandako babesari erreferentzia eginez.
ERCk eta Juntsek euren eskakizunak gogoratu dituzte
Kataluniako inbestidura saiorako hautagaiak proposatzeko bilera-sorta hasi dute astelehen honetan ERCk eta Juntsek. Ildo horretatik, finantzazio berriari buruzko eskakizunak gogoratu dituzte, eta PPren eta Espainiako Gobernuaren aurkako kritikak areagotu egin dira azken orduotan.
Hala, Raquel Sans ERCko bozeramaileak azpimarratu duenez, errepublikanoek Katalunia finantzazio autonomikoaren erregimen komunetik irtetearen alde egiten dute, Euskadik eta Nafarroak bezala.
Finantzaketa berezia hainbat autonomia-erkidegorentzat
Bestalde, Esther Peña PSOEren Zuzendaritza Federaleko bozeramaileak ezeztatu egin du Kataluniarako kontzertu ekonomikoa ezartzeko aukera, eta Kataluniatik haratago hainbat autonomia erkidegorentzat finantzaketa berezia adostea proposatu du.
Horren harira, finantzaketa autonomikoaren erreforma PSOEren hauteskunde promesa bat dela ziurtatu du, eta Pedro Sanchezen Gobernuak "erkidego guztientzat" antzeko proposamena egingo duela, baina Katalunia bezalako erkidegoetan finantzaketa berezia ezartzeko "borondate politikoa" alde batera utzi gabe.
"Bateragarria da finantzaketa autonomikoaren sistema hobetzea, eta Katalunia bezalako lurralde batentzat finantzaketa berezia adostea", gaineratu du Peñak.