Itxi

XIII LEGINTZALDIA

EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEko militanteek berretsi dute koalizioko Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jeltzaleen kongresu arteko organo gorena arratsaldean bildu da Sabin Etxean. Bestalde, bozketan parte hartu duten euskal militante sozialisten % 96,18k (3.375 kide) akordioa berretsi dute.

EAJren Aberri Batzarra, bilduta Sabin Etxean. Argazkia: EFE

EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEko militanteek berretsi dute koalizioko Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa. EAJren Aberri Batzarrak aho batez berretsi du akordioa, eta bozketan parte hartu duten euskal militante sozialisten % 96,18k (3.375 kide) horren alde bozkatu dute.

Gaurko akordioak bidea argitzen du datorren asteazkenean bi alderdiek Gobernu Ituna sina dezaten Eusko Legebiltzarraren egoitzan eta ostegunean inbestidura-saioa egin dadin.

Pradalesek bermatuta du lehendakari izango dela, talde parlamentario abertzalearen 27 botoei eta talde sozialistaren 12 botoei esker; guztira 39 boto, Ganberaren gehiengo osoa baino boto bat gehiago.

Jeltzaleen kongresu arteko organo gorena arratsaldean bildu da Sabin Etxean. Pradales "gogo handiz" iritsi da hitzordura, eta ostegunean Eusko Legebiltzarrean egingo den inbestidura saioa prestatzen dagoela aurreratu du. EAJren lehendakarigaiak esan du "dena ondo" doala PSE-EErekin hurrengo koalizio-gobernua osatzeko negoziazioetan, baina "azken ukituetarako orduak" dira hauek, oraindik ez baitago dena lotuta.

"Ezer gutxi aurreratu dezaket, PSE-EErekin ez dagoelako dena itxita, baina laster lortuko dugu. Dena ondo doa, eta akordioa ixten dugunean beste gauza batzuei buruz hitz egiteko unea izango da", adierazi du Pradalesek.

Bestalde, euskal sozialistek militanteen bozketaren bidez onartu dute akordioa.

PSE-EEko militantziak akordioa berretsi du

Bozketan parte hartu duten euskal militante sozialisten % 96,18k (3.375 kide) akordioa berretsi dute. Ildo horretatik, % 2,91k (102) kontra bozkatu dute eta % 0,91k boto zuria eman dute (32).

Bozketetan parte hartu dute errolda osatzen zuten 4.871 militanteen % 72,04k, alderdiak jakitera eman duenez. Botoa telematikoki emateko aukera izan dute joan den asteazkenetik ostiralera bitartean, baita aurrez aurre ere, astelehen honetan jarritako hautestontzietan. 

Jaurlaritza berria

Pixkanaka-pixkanaka, Jaurlaritza berriaren osaera ezagutzen doa. Guztira 13 sail izango ditu Gasteizko Gobernu berriak, azken legealdian baino bi gehiago: horietatik 9 EAJk kudeatuko ditu, eta PSE-EEk 4.

EITBk baieztatu duenez, EAJk azken lau urteotan kudeatu dituen sailak zuzentzen jarraituko du: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna, Ekonomia eta Ogasuna eta Kultura.

Era berean, ia ziurtzat eman da PSE-EEren esku segituko dutela aurreko legegintzaldian sozialistenak izan diren sailak: Enplegua eta Lana, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak eta Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Imanol Padralesek berak ekainaren 22an lehendakari kargua hartu ondoren jakinaraziko du Eusko Jaurlaritza berriaren osaera.

Albisteak (1)