Katalunia
Kataluniako Parlamentuko presidenteak erronda hasi du taldeekin eta Illak "denbora gehiago" eskatu dio
Agentziak | EiTB Media
PSCren eta ERCren talde negoziatzaileak Bartzelonan bildu dira gaur, eta hautagai sozialistaren balizko inbestidura bati begira "lanean jarraitzekotan" geratu dira. Rullek ohartarazi duenez, datorren astean hautagairik egon ezean, hauteskundeak errepikatzeko mekanismoa aktibatuko du.
Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaur hasi eta asteazkenera arte bilera erronda egingo du talde parlamentarioekin balizko inbestidura bati begira babesak neurtzeko. Generalitateko presidente izendatzeko babesa bermatuta duen hautagairik balego, balizko inbestidura ekainaren 25ean eta 26an egingo litzateke.
Bilera errondan, gaur alderdi txikien txanda izan da. Goizean, PP, Vox eta En Comurekin batzartu da, eta, arratsaldean, CUPekin eta Aliança Catalanarekin. Asteazkenean PSC, Junts eta ERCrekin elkartuko da, Kataluniako Parlamentuko iturriek jakinarazi dutenez. Talde parlamentarioekin bildu ostean, Rullek asteazkenean bertan jakinaraziko du bere erabakia.
Salvador Illak (PSC) eta Carles Puigdemontek (Junts) inbestidurara aurkeztuko zirela iragarri zuten maiatzaren 12ko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen ostean. Hala ere, gaur gaurkoz, bietako inork ez du babes nahikorik Generalitateko presidente izateko. Illak, bart, Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan nabarmendu duenez, "denbora gehiago" eskatuko dio denbora eskatuko dio. Hala adierazi du bart SER irrati kateari eskainitako elkarrizketan.
Gaur goizean, La2 eta Radio4 hedabideei eskainitako elkarrizketa batean, Rullek azpimarratu du ezin duela inor bere hautagaitza aurkezteko behartu, eta gogorarazi du mahai gainean duela "ekitaldi baliokidea" aktibatzeko aukera. Hots, bi hilabeteko epean hautagaitzarik ez balego, hauteskundeak berriro deitzekoa. "Atzera kontaketa datorren astean hasiko da, eta epea abuztuaren 15ean bukatu", zehaztu du.
Hautagai batek baino gehiagok inbestidurara aurkeztu nahi badu, babes gehien duena izango da lehena. Kasu horretan, Kataluniako Parlamentuko presidenteak ekainaren 25erako eta 26rako deituko du inbestidura saioa.
Edonola ere, aukera guztiak mahai gainean daude. Zehazki, Parlamentuko Mahaiak ez du baztertzen inbestidura ez den beste ekitaldi bat deitzea, Generalitateko presidente berria izendatzeko bi hilabeteko atzerako kontaketa martxan jartzeko. Bi hilabete pasata presidenterik ez balego, hauteskundeak errepikatuko lirateke.
PSCren eta ERCren arteko bilera
Ingurumari horretan, PSCren eta ERCren talde negoziatzaileak Bartzelonan bildu dira gaur, hedabideak aurrez ohartarazi barik. Batzarrarekin bi alderdien arteko negoziazioei ekin diete, horrenbestez.
Ohar bateratu batean azaldu dutenez, "lanean jartzekotan" geratu dira bi aldeak.