Itxi

Eusko Jaurlaritza

Azken Gobernu Kontseiluak 55 akordio itxi ditu, eta bi bazkideek bakoitzaren lana elkarri aitortu diote

EITB Media

Leer en Castellano

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak esan duenez, "azkena izanik, ez da laburrena izan". Gainera, bilera "ezberdina" izan dela onartu du Zupiriak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Legealdiko eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen azken Gobernu Kontseiluan, urte hauetan egindako lana eta akordiorako prestutasuna aitortu diote elkarri bi bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, baina kideen etorkizunari buruzko "erabaki pertsonaletan" sartu gabe.

Hala azaldu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak batzarraren ostean. Esan duenez, "azkena izanik, ez da laburrena izan, 55 akordio desberdin lortu baititu".

Horien artean, Jaurlaritzak 6,3 milioi bideratzea adostu du Ertzaintzaren funtzionamendua eta antolaketa hobetzeko, bai eta Ertzaintzako zenbait kolektiboren lan-baldintzak hobetzeko ere, hala nola 55 eta 60 urte bitarteko agenteena eta Ikerketa Kriminaleko unitatearena. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) angularen arrantza profesionala arautzen duen dekretua onartu du, muga batzuekin, espeziearen ustiapen jasangarria bermatzeko.

Zupiriak azaldu duenez, bilera "desberdina" izan da; izan ere, sailburuek euren gaiak azaldu ahala, lehendakariak gogorarazi die aurkeztuko zituzten azkenak zirela.

Azkenean, lehendakariak eta Iñaki Arriola sailburu sozialistak eskerrak eman dituzte, akordiorako eta elkarrizketarako prest agertu direlako sail guztiak.

"Esango nuke, kasu askotan, sailburu guztiek ahalegin handia egin dutela akordioak lortzeko eta liskar-sentsazioa edo ezberdintasunak saihesteko. Gai pare batean desadostasunak egon dira, baina sinets iezadazue planteatu direnen artean gutxiengoa izan direla", laburbildu du Zupiriak.

Trantsizioa errazteko, amaitu gabe dauden eta urtean zehar bukatu beharko dituzten gaiak identifikatu dituzte sail guztiek. Informazio hori Lehendakaritzari helarazi diote, eta hark gobernu berriaren esku utziko ditu.

Lehendakariaren etorkizuneko egitasmoei buruz galdetuta, bozeramaileak gogorarazi du gaurko Kontseiluan "gai-zerrenda bat" zegoela, "ez dela gai pertsonaletarako tarterik egon".

Bideoak (2)