Itxi

EAJ-PSE koalizio ituna

"Euskadi globala" jomuga, "ongizatean haztea" dute helburu jeltzaleek eta sozialistek

E. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Itunak bost ardatz izango ditu. Osasun, hezkuntza, enplegu edo etxebizitza alorreko politika publikoak indartuko dituzte, eta Euskadiren berrindustrializazioa bultzatzeko pausoak eman. Halaber, trantsizio energetiko "ordenatua" sustatu eta berdintasuna eta autogobernuaren defentsa egingo dute.

Ezkerretik eskuinera, Ortuzar, Pradales eta Andueza, izenpetutako dokumentua eskuan. EFE

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berria osatzeko programa akordioak bost ardatz eta 32 jardun arlo izango ditu "Euskadi globala eraikitzeko" asmoz. Gaur goizean sinatutako dokumentuak "Ongizatean hazi" du izenburutzat, eta bi alderdiek XIII. legegintzaldirako dituzten lehentasun eta lan ildoak marraztu ditu. Bihar, inbestidura saioan ezagutaraziko dute ituna bere osotasunean, baina gaur prentsari igorri diote horren aurrerapena. 

Itunaren oinarriei dagokionez, ongizatearen oinarri diren "osasuna, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, segurtasuna eta gizarte zerbitzuak bezalako esparruak hobetzen jarraitzeko" ekimenak aipatu dituzte lehenik bi alderdiek. Era berean, Euskadiren berrindustrializazioa bultzatzea lehenetsi dute, "ekonomia berriak industria-ehun moderno, dinamiko, garatu eta iraunkor bat" garatzeko aukerak baliatuta eta "kalitatezko enplegua" bermatuta. 

Hirugarren ardatza "trantsizio energetiko ordenatu eta koordinatuari" dagokio, euskal produkzio-sektoreak finkatutako helburuak lortu eta "gure etorkizuna arriskuan jar" ez dezan. 

Bizikidetzaren alorrean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren zein LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko defentsa egingo da, baita "iraganarekiko memoria kritikoa eta biktimekiko solidarioa eraikitzekoa" ere. Ildo horretan, biktima guztien aintzatespen osoa azpimarratzen da. 

Autogobernua hizpide, EAJk eta PSE-EEk bi helburu zehaztu dituzte. Batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Estatutu Itun berri bat egiteko oinarriak lortzea. Azken horretarako, Eusko Legebiltzarrean "negoziazioaren, akordioaren eta ahalik eta adostasun politiko handiena" bilatuko dute, horren "eskumenaren eta indarrean dagoen legeriaren esparruan". Era berean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dute "Euskadiren nazioartekotzeak dituen etorkizuneko aukerak aprobetxatzea".

Akordio zabala, Osakidetzaren izena ona berreskuratzeko

Lehen ardatzaren baitan ("Pertsonak erdigunean" deitu diote), bi alderdiek uzte dute, Osakidetzaren profesionalekin hitz eginez, beharrezkoa dela osasunaren inguruko "akordio zabal" bat adostea etorkizuneko erronkei aurre egin eta sistema hobetzen jarraitzeko. Azken horren kontura, honakoak aipatu dituzte: Arreta espezializatuko
kontsultetan itxaron-zerrendak murriztea eta proba diagnostikoak eta ebakuntza kirurgikoak eta lehen mailako arretako lan-karga hobetzea. Azken helburua, diotenez, "Osakidetzak euskal gizartean betidanik izan duen izen ona berreskuratzea" da. 

Gizarte politikoei dagokienez, erronka jarri dute "zeharkako gizarte-politiken paradigma berri batean aurrera egitea, ikuspegi integral batekin, eta inor atzean utziko ez duena". Bestalde, "etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria" izateko aukera eman nahi diete "merkatu librean etxebizitzarik eskuratzerik ez duten pertsonei", batez ere gazteriari eta baliabide gutxiko banakoei. 

Hezkuntza arloan, aurreko legegintzaldian onartu zen legeari egiten zaio aipamena, Euskal Hezkuntza Sistemari "egonkortasuna eta izaera estrategiko berria" emango diola nabarmenduta. Legeekin batera, Ertzaintza segurtasunaren "funtsezko zutabeetako" bat dela diote EAJk eta PSE-EEk, eta ildo horretan, azpimarratu dute polizia aurrea hartu behar diela  delitu-modalitate berriei, eta, horretarako, bere antolamendua, giza baliabideak eta baliabide teknologikoak eta funtzionamendua egokitu behar dituela. Bestalde, euskara bultzatu eta euskal hiztunen kopuru hazten jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiek, baita Europan hizkuntza ofiziala izatekoa ere. Kultura, gazteria (emantzipazioa zentroan jarrita) eta erronka demografikoaren inguruko ekimenak aurreikusi ditu dokumentuak. 

Berrindustrializazioa, "lehiakortasun iraunkorrerantz"

Bigarren ardatzean ( "Hazteko eta ongizatea areagotzeko eredua" izenpean), kalitatezko enplegua eta soldata justuak "lehentasun ukaezinak" direla aitortuta, Euskadiren berreindustrializazioaren aldeko apustua egin dute biek. Helburua "lehiakortasun iraunkorra" lortzea da, funtsezko hiru trantsizioen inguruan: energetikoa, soziala eta teknologiko-digitala. 

Testuaren arabera, hiru trantsizio horiek baliatu behar dira industria berritzeko eta eraldatzeko. Zentzu horretan, hurrengo Jaurlaritzak laguntza emango die "baliabideak erabiltzean eta ingurumen-aztarna sortzean jarduera iraunkorrago baten aldeko apustua" egiten duten enpresei eta proiektuei. 

Halaber, berrikuntzaren garrantzia nabarmendu dute eta erronka bat ezarri: Euskadi Europako berrikuntza-polo bihurtzea. Adimen artifizialak ematen dituen aukerak ere aprobetxatzeko deia egin dute. 

Ortuzar, Pradales eta Andueza. EFE

Hirugarren ardatz gisa ("Trantsizio energetikoa eta jasangarritasuna"),  trantsizio energetiko "ordenatu eta koordinatu" baten aldeko apustua egin dute biek ala biek. Era berean, autokontsumo partekatua babestu dute,  energiaren ekoizpenari etekin handiena ateraz eta balio katean sartu ezin diren hondakinak aprobetxatuz, balorizazio energetikoaren bidez energia sortzeko. Aipagarria da, bestalde, "hiri-garapeneko eredu berria" aldarrikatzen dutela. Defendatu dutenez, beharrezkoa da dagoeneko eraikitako hirian zentratzea, hedapen berrien gainetik formula hori lehenetsiz. "Herri eta hiri trinkoagoak, jasangarriagoak, bizikidetasun-gune gehiago dituztenak behar dira, merkataritza gehiago eta topaleku gehiago barne hartuko dituztenak. Halaber, Euskal Hiria kontzeptuan aurrera eginez, hobeto konektatutako Herri eta hiriak behar dira", diote.

"Bizikidetza, memoria eta giza eskubideak" ardatzean (laugarrena), bi alderdiek honakoa nabarmendu dute: "Gatazkak konpontzeko edo ideiak inposatzeko bitarteko gisa indarkeriaren onarpen sozialaren hondar oro desagerrarazi behar dugu". Hori horrela, "iraganarekiko memoria kritikoa eta biktimekiko solidarioa" aldarrikatu dute. "Memoria horrek inolako zalantzarik gabe aitortzen du terrorismo edo indarkeria mota orok eragindako kaltearen bidegabekeria", zehaztu dute. 

 "Leialtasunetik", autogobernua garatzeko "kronpromisoa"

Autogobernuari buruzkoa da bosgarren eta azken ardatza. "Konpromiso argia" azaldu dute bi aldeek "egonkortasun instituzionalaren eta autogobernuaren garapenaren printzipioekin". Eredu hori "leialtasunez eta osagarritasunez"  garatzen jarraitzeko borondatea jaso dute akordioan jeltzaleek eta sozialistek, "elkarrizketaren eta akordioaren bidez erakundeen egonkortasuna errazteko".

Ongizate handiagoren sinonimotzat jo dute autogobernua, eta duela bi legealdi martxan jarritako Autogobernu Lantaldeak finkatutako oinarriak abiapuntu hartzea hitzartu dute.  Hori defendatzea eta burutzeke geratzen diren eskumenak erreklamatzea "funtsezko zutabeak" direla idatzi dute itunean, "estatutu-ituna eguneratzeko".

"Printzipio horien gainean, Euskadiko autogobernua zabaltzeko eta hobetzeko konpromisoa berresten da, honako konpromiso hauetan oinarrituta: lortutako autogobernuaren lege-garapena zabaltzea, lortutako autogoberna defendatzea, indarrean dauden mekanismo politiko, juridiko eta instituzionalak eraginkortasunez erabiliz", dio testuak.