Hauteskunde orokorrak
Hauteskunde mahaian parte ez hartzeko aitzakia harrigarrienak
A. A.
Hauteskunde Batzordeko zenbait kiderekin hitz egin dugu, entzun dituzten aitzakia sinesgaitzenak ezagutzeko.
Milaka herritarrek hauteskunde mahaietan parte hartzeko zitazioa jasoko dute hurrengo asteetan, apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei begira. Mahaiko kide izatea "herritarraren betebeharra" den arren, ez da gustura egiten den zerbait izaten, eta, hortaz, irudimena erabiliz aitzakia on baten bila hasi dira asko.
Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak "hauteskunde-mahaietan ez parte hartzeko alegazio batzuk" jasotzen ditu, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak eta profesionalak bereizten ditu. Hala ere, hauteskunde-egunetan inoiz baino jainkozaleagoak eta langileagoak izaten gara.
"Kasu askotan, edoskitze garaian daudela argudiatzen dute emakumeek. Araudiak umeak 9 hilabete dituen arte onartzen du aitzakia hori, baina ez umeak urte pare bat badu", azaldu du Bilboko Hauteskunde Batzordeak. Beste emakume batek egun osoa eserita egon ezin zuela alegatu zuen, baina Batzordekoek azaldu ziotenaren arabera, "inork ez zuen egun guztia eserita egotera behartzen, altxatzeko eta ibiltzeko aukera ere bazuen".
Horrela, haurdun egotea, zuzeneko senide bat ezkontzea edo adingabeak zaindu behar izatea aitzakia egokiak izan daitezke hauteskunde-mahaiko kide ez izateko, baina lan egin behar izatea, ez. Kasu batzuetan, medikuek aurreko egunean 24 orduko txanda egitea alegatzen dute, eta apaizek meza emateko ordezkorik ez dutela azaldu ohi dute. Hala ere, araudiaren arabera, klausurako erlijiosoek bakarrik dute mahaiko kide ez izateko aitzakia, eta medikuek, zerbitzu arduradunak pertsona horrek eman behar duen zerbitzua "hil edo bizikoa" dela berresten duen agiri bat sinatzen badu.
Jainkozaleak eta langile arduratsuak
Herritar batzuek idazten eta irakurtzen ez dakitela alegatu ohi dute. Interneten, erabiltzaile batzuek hautesle-erroldan datu faltsuak ematea gomendatzen dute, baina ez du askorako balio izaten; izan ere, informazio faltsua berehala zuzentzen du Hauteskunde Batzordeak.
"Diskoteka batean dantza egiten lan egiten zuen emakume batek larunbatean lan egin ostean igandean mahaiko kide izateko oso nekatuta egongo zela alegatu zuen, eta, noski, ez genuen aitzakia onartu", esan dute Bilboko Batzordekoek.
Kontzientzia-eragozleak
"Pertsona batzuek kontzientzia objektoreak direla eta, bozkatzen ez badute, hauteskunde-mahaian egoteko obligaziorik ez dutela azaldu izan ohi digute, baina horrek ere ez du balio", esan du Bilboko Hauteskunde Batzarreko kide batek.
Presidente, batzordekide eta ordezkari karguak derrigorrezkoak dira, eta, betebeharra betetzen ez duenari, hauteskunde-legea egotziko diote. Hori dela eta, akusatuei 7 eta 15 asteburu bitarteko atxiloketa eta 1.800 eurorainokoak izan daitezkeen 2 eta 10 hilabete arteko isunak ezarri ahal dizkiete. "Ez da txantxetan aritzeko kontua. Aurrekari penalak izanez gero, besteak beste, ezin da zenbait herrialdetara bidaiatu edo beka batzuk eskatu", azaldu dute.
"Hauteskunde-egunetan, 40 salaketa inguru bidali izan ditugu guardiako epaitegira hauteskunde-mahaira ez joateagatik. Behin, presidente izan behar zuen gizon batek mahaia osatu, sinatu eta, handik ordu laurdenera, alde egin zuen. Lau ordu geroago dena ondo zegoela ikusteko itzuli zen, eta alde egin zuen berriro. Azkenean, non zegoen jakin genuenean, salatu egin genuen", esan dute.
Hala eta guztiz ere, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak gune bakoitzeko batzordearen esku uzten du aitzakia horiek onartzeko eskumena. Gure alegazioa onartzen ez badute, hurrengo pausoa guardiako epaitegian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea da.
Oharra: Albiste hau 2012ko irailaren 13an publikatu zen aurrenekoz eitb.eus-en, baina gaurkotua izan da apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei begira