Itxi

Araba

Omniako hiru zinegotziek Laudioko udal gobernua, EH Bildurekin partekatzen zutena, utzi dute

EITB Media

Leer en Castellano

Ohar bateratu batean, Omniak eta EH Bilduk eman dute erabakiaren berri, baina "etorkizunean sortuko diren gaietan orain arte garatutako adostasun lerroa lehenesteko konpromisoa” hartu dute biek.

Laudio (Araba). Argazkia: Iñaki Arteta

Omnia independenteen taldeko hiru zinegotziek EH Bildurekin partekatzen zuten Laudioko udal gobernua uztea erabaki dute.

Ohar bateratu batean, Omniak eta EH Bilduk eman dute erabakiaren berri, baina "etorkizunean sortuko diren gaietan orain arte garatutako adostasun lerroa lehenesteko konpromisoa" hartu dute biek.

Ildo horretan, berretsi dute elkarlanean jarraituko dutela "dagoeneko adostuta dauden gaietan elkarlanean jarraitzeko, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) eguneratzean" eta dagoeneko martxan dauden inbertsioetan, antzokia, merkatu plaza, San Roke egoitza zaharra, hiltegia, kiroldegia handitzeko egitasmoa eta Kultura Etxea, esaterako.

Hemendik aurrera, Ainize Gastaka alkatea buru duen udal gobernua gutxiengoan geratuko da, zazpi zinegotzirekin. Udalbatza EAJko sei zinegotzik, Omniako hiruk eta PSE-EEko batek osatzen dute.

Omniak xehetasun gehiago emango ditu ostegun honetan oposiziora igarotzeko erabakiaren inguruan.

Erabakiaren berri izan ostean, Ander Añibarro EAJko bozeramailea "harrituta" agertu da egoerarekin, eta, ohar baten bidez, gertatutakoak "udalerriarentzat eta bizilagunentzat ondorio larririk ekarriko ez duen itxaropena" agertu du.

Añibarrok adierazi du errespetatu egiten duela Omniaren erabakia, baina uste du talde independente horrek emandako pausoa ez dela "arduratsua" eta "ahaztu" egiten duela laudioarrekin duen konpromisoa.

Halaber, jeltzalearen hitzetan, gertatutakoak "agerian uzten du EH Bilduk ez duela gobernu akordio iraunkorrak osatzeko gaitasunik". "Laudioarrek gobernu indartsu eta konprometitua merezi dute, eta ez elkar ulertze eta erantzukizun faltaren aurrean lur jota geratzen den bat", erantsi du.