Diadaren oihartzunak
Mas: 'Katalunia ez da Espainian ondo egokitzen; estatua izan behar du'
Erredakzioa
Generalitateko presidentearen esanetan, Kataluniak "porrot" egin du Espainia "Estatu atsegin" bihurtzeko ahaleginetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Artur Mas Generalitateko presidentearen esanetan, Kataluniak "Estatu propioa" izan behar du, porrot egin baitu "Espainia Estatu atsegin eta Kataluniarekin bateragarri" bihurtzeko "hainbat hamarkadaz" egindako ahaleginetan.
"Hori horrela bada, ulertu egin behar da Kataluniak Estatu bat behar izatea", gaineratu du.
Madrilen, Forum Europa gosari-informatiboan, eskainitako hitzaldi batean, Katalunia "trantsizio" prozesu batean dagoela azaldu du Masek.
Asteartean independentziaren alde Bartzelonan egin zuten manifestazio jendetsua horren adibide jarri du: "Zentzu horretan ulertzen ez bada, beste akats larri bat izango da".
Masen esanetan, trantsizio horren abiadura hurrengo astean Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin egingo duen bileraren emaitzen araberakoa izango da.
"Ez gara zoratu, ez gara mendira igo. Kataluniarrek Estatu baten lanabesak eskatzen dituztenean, Europako esparruaren baitan egiten dute", adierazi du.