Itxi

Eusko Jaurlaritza

Imanol Pradalesek lehendakari karguaren zina egin du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ekitaldi solemnea izan da eta bertan izan dira Legebiltzarra osatzen duten 75 legebiltzarkideak, baita erakundeetako eta euskal gizarteko ordezkariak ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Imanol Pradales Gilek lehendakari kargua hartu du Gernikako zuhaitzaren azpian zin egin ondoren. Iñigo Urkulluren eskutik jaso du aginte-makila. Politikari bizkaitarra EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio-gobernuaren buru izango da, eta gehiengo osoa du Legebiltzarrean, 39 eserlekuri esker.

Pradales demokrazioan gobernatzen duen seigarren lehendakaria izango da, Iñigo Urkulluri lekukoa hartuz. Urkullu 12 urtez izan da lehendakari.

Eguerdiko hamabietan hasi da ekitaldia Gernikako Batzar Etxean. Ekitaldi solemnea izan da eta bertan izan dira Legebiltzarra osatzen duten 75 legebiltzarkideak, baita erakundeetako eta euskal gizarteko ordezkariak ere.

Lehendakari berria hamabietarako minutu gutxi falta zirela heldu da juntetxera, bere emaztea den Laura Saezekin batera. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak harrera egin aurretik, arrantzalez jantzitako 8 pertsonek arku bat egin dute lehendakari berriari ongi etorria emateko. Arku hori Santurtziko Soterako arraunez, sardina-saskiez eta arrantza-sareez osatu dute. Horrela, lehendakariak euskal ondare etnografikoaren sinboloei espazio bat eskaini nahi izan die; zehazki, itsasoarekin lotutakoei. Izan ere, itsasoarekin lotura berezia du lehendakariak; santurtziar gisa eta bere gaztaroan bogatzaile gisa, alegia.

Ondoren, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin batera Batzar Etxera sartu da. Legebiltzarreko Mahaiko kideekin eta txistu doinuekin egin dute bidea.

Zin egitea

Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak erabili zuen antzeko formula erabili du Imanol Pradalesek. Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Juan Jose Ibarretxek eta Iñigo Urkulluk erabilitakoaren berdina. Honako hau izan da: "Eusko lur gainean zutunik, Jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaitzpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit".

Zin egitearen ondoren, hemiziklora itzuli da eta juntetxeko tribunatik hartu du hitza, eta karguaren jabetzaren adierazpena egin du. Lehendakari berriak "ordenamendu juridikoaz" hitz egin du bertan, Espainiako koroa eta Konstituzioa aipatu gabe. Iñigo Urkulluren eskutik jaso du aginte-makila, hunkituta eta bertaratu direnen txaloen artean. Karguaren jabetza hartu ondoren, guztiek zutik entzun dute Agur Jaunak.

Ekitaldia amaituta, Imanol Pradales lehendakaria Zuhaitz Zaharra dagoen lekura gerturatu da. Momentu horretan 1936an Agirre lehendakariaren zinean entzun zen Agur Zaharra doinua entzun ahal izan da. Ostean, Gernikako Batzarretxeko ohorezko liburuan sinatu du.

Ohorezko liburuan sinatzerakoan bi eskultura berezi izan ditu ondoan Pradalesek. Batetik, Nestor Basterretxearen Izaroren prototipoa, eta, bestetik, Eduardo Txillidaren Lurra obra. Izan ere, bi euskal artisten urteurrena kontuan hartuta egin dute omenaldia.

Imanol Pradales ohorezko liburua sinatzen. Argazkia: EFE

Gonbidatuak

Guztira, 300 bat gonbidatu izan dira Gernikan. Horien artean zeuden Maria Jesus Montero Espainiako gobernuko lehen presidenteordea, Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidentea eta Baionako alkatea, Felix Taberna Nafarroako gobernuko lehen presidenteordea, Fernando Clavijo Kanarietako presidentea, Javier Velasko Txileko enbaxadorea eta Kanadako Gobernuko zenbait kide.

Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideek eta Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariek ere ekitaldian parte hartu dute. Aurten hil den Jose Antonio Ardanza lehendakariaren alabak ere ekitaldian parte hartu du. Jesus Eguiguren, Juan Mari Atutxa eta Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidente ohiak, erakundeetako ordezkariak, politikagintzako, ekonomiako eta justizia alorretako kideak eta euskal gizarteko ordezkariak ere Gernikan izan dira.

Albisteak (2)

Bideoak (1)