Itxi

EUSKO JAURLARITZA

Eusko Jaurlaritza berriaren egitura eta eginkizunak biltzen dituen dekretuaren berritasun nagusiak

EITB Media

Leer en Castellano

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Europako Funtsen kudeaketa edo Gogora institutua kontseilari sozialisten esku geratuko direla. Bestalde, Emakunde Lehendakaritzaren egiturara itzuliko da.

Imanol Pradales lehendakaria, dekretua sinatzen. Argazkia: Irekia

Imanol Pradales lehendakari izendatu berriak sinatutako lehendabiziko dekretua gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Atzo, lehendakari karguaren zina egin eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzako sailen eta Lehendakaritzaren egitekoak eta jardun-arloak zehazten dituen dekretua sinatu zuen Pradalesek.

Sailburu berriak karguaz jabetzeko ekitaldia astearte honetan izango da, Ajuria Enean; ekitaldi horren ondoren, Jaurlaritza berriak bere lehenengo batzarra egingo du. Pradalesek urriaren 31ra arteko epea eman die sailburuei sail bakoitzeko egiturak aurkezteko, austeritateren eta arlo funtzionalak elkartzearen irizpideak kontuan hartuta.

Asteburuan aurreratu bezala, 15 sail izango ditu Exekutibo berriak, horietatik, Lehendakaritzaz gain, hamar jeltzaleen esku egongo dira: Kultura eta Hizkuntza Politika; Ogasuna eta Finantzak; Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua; Segurtasuna; Hezkuntza; Osasuna; Zientzia; Unibertsitateak eta Berrikuntza; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa; Elikadura, Landa Garapena eta Arrantza; eta Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna.

Gainerako bostak, berriz, sozialistek kudeatuko dituzte: Justizia eta Giza Eskubideak; Ekonomia, Lana eta Enplegua; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa; Mugikortasuna Jasangarria; eta Etxebizitza eta Hiri Agenda.

"Trantsizio ordenatua"

Legebiltzarrean gobernu-programaren ildo nagusiak aurkeztu ondoren, egokitu egin behar da Administrazio Orokorreko sailen egitura eta eskumenak sailen artean esleitzeko egitura. Horrela, "lan politiko-administratiboen jarraipena bermatuko duen trantsizio ordenatua" ezarriko dela dio dekretuak.

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Mikel Torres sozialistak zuzenduko duen Ekonomia, Lana eta Enplegua Sailaren esku geratuko dela hurrengo legealdian Europako Funtsen kudeaketa. Halaber, PSE-EEren ardurapean geratuko da Gizarte Segurantzaren kudeaketa, eskumen hori legealdi honetan iritsiko balitz.

Sozialistekin du zerikusia beste nobedadeetako batek ere. PSE-EEk gidatuko duen Justizia eta Giza Eskubideen sailaren esku geratuko da orain arte Aintzane Ezenarrok zuzendu duen Gogora Institutua, eta Maria Jesus San Jose sailburuaren ardura izango da biktimei eta memoriari lotutako politikak zuzentzea eta koordinatzea. Bere esku geratuko dira, aldi berean, EAEn dauden espetxeak kudeatzea.

Bestalde, atzera berriz Lehendakaritzaren egituran kokatuko da Emakunde, eta Imanol Pradales lehendakariak berak hartuko ditu bere gain indarkeria matxistaren biktimei arretari buruzko politikak. Horrekin batera, talentua sustatu, atxiki eta erakartzeko politiken ardura ere lehendakariaren izango da.

Lehendakaritzak aurreko egiturako organo eta unitate guztiei eutsiko die, Gazteria Zuzendaritzaren arloa izan ezik. Zuzendaritza hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren ardura izango da aurrerantzean. Hala, Nere Melgosa jeltzaleak Emantzipa programa hartuko du bere gain, besteak beste.

Eskerrak sailburu ohiei

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, lehendakariak eskerrak eman dizkie aurreko sailburuei azken legegintzaldian egindako lanagatik eta "Europako eta mundu osoko herrialde aurreratuenen artean kokatzeagatik". " Eskerrik asko zuen onena emateagatik gure Herriaren alde", gehitu du.

Gainera, Pradalesek adierazi du "oso harro" dagoela "egungo Euskadiz, gure Euskadiz". "Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko aukeren herrialdea", gaineratu du. Era berean, "lankidetza eta akordiotik gizarte gisa hobetzen eta aurrera egiten jarraitzeko anbizioa eta ilusioa" berritzen direla defendatu du.