Jaurlaritza
Mikel Torresek aginte-makila utzi du 16 urtez Portugaleteko alkate jardun eta gero
EITB MEDIA
Torresek adierazi du Portugaleten izandako ildoari eutsiko diola Jaurlaritzan hastera doan ibilbide berrian. Alkatetza alkateordearen esku geratuko da orain, Maria Jose Blanco sozialistaren esku,bi asteren buruan behin betiko ordezkoa izendatu arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aldaketa orduak dira Pradalesen Gobernuko parte izango diren sailburuentzako, eta, pixkanaka, euren aurreko karguak atzean uzten ari dira. Hori da, hain zuzen ere, Mikel Torresen kasua, bihartik aurrera lehendakariordea izango baita. Politikari sozialistak aginte-makila utzi du astelehen honetan Portugaleteko alkate gisa, 16 urteren ostean.
Ohiz kanpoko osoko bilkura batean eman du dimisioa Torresek, Eneko Andueza lagun zuela, eta udal talde guztiek maitasuna helarazi diote, politikariaren enpatia eta akordiorako gaitasuna nabarmenduz.
Agurrean, Torresek, hunkituta, bere dimisioa "bizitza politikoaren unerik gogorrena" dela esan du, baina "denak hasiera eta amaiera" dituela adierazi du. "Pasio bat izan da Portugaleteko alkate izatea, ohore bat eta harrotasun handi bat", esan du 16 urtetan alkate gisa aritu denak, eta urte horietan guztietan baja egun bat bera ere hartu ez duela adierazi du.
Halaber, azpimarratu du Udala egoera ekonomiko "bikainean" dagoela, eta alderdi guztiek babestutako kontuak eta proiektu nagusiak dituela. Halaber, eskerrak eman dizkie 16 urte hauetan gobernuko kide izan dituenei (PP, Podemos eta EAJ, etaparen arabera) eta oposiziotik EH Bilduri.
Lehendakariorde izango denak esan du etorkizuneko ardurei "ilusioz, entregaz, akordioz eta lanerako gaitasunez" aurre egingo diela, eta Portugaleten izandako ildoari eutsiko diola Jaurlaritzan hastera doan ibilbide berrian.
Bizkaiko alkatetza Maria Jose Blanco alkateordearen esku geratuko da orain, harik eta hamabost egun barru behin betiko ordezkoa izendatu arte.