Botere judiziala
PSOE-PP akordioa: 20 izen eta erreformak, bost urteko blokeoari amaiera emateko
Agentziak | EITB Media
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak eta Esteban Gonzalez Pons PPko Ekintza Instituzionaleko idazkariordeak Bruselan sinatu dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia akordioa.
PSOEk eta PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko akordioa sinatu dute, bost urteko geldialdiari amaiera emanen diona, eta, sinatzaileen arabera, Europako Batzordeak epaileen eta magistratuen gobernu-organoa izendatzeko egindako gomendioak betetzen dituena.
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak (PSOE) eta Esteban Gonzalez Pons PPko Ekintza Instituzionaleko idazkariordeak sinatu dute akordioa, gaur, Bruselan. Bertan, Botere Judizialaren Legearen eta Estatutu Fiskalaren erreforma sakona jasotzen da. Hauek dira akordioaren gako nagusiak:
- PSOEk eta PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko 20 kideak berehala berritzea adostu dute.
BJKN berrirako proposatutako kideak. Ezkerretik eskuinera, Jose Eduardo Martinez Mediavilla Cuencako Auzitegiko presidentea, Lucia Aviles Mataroko (Bartzelona) zigor-arloko epailea eta Esther Rojo Valentziako Auzitegiko presidentea. Argazkia: EFE
- Sozialisten arabera, 20 hautatuek "ibilbide luzea eta ospe egiaztatua" dute Justiziaren eta Zuzenbidearen esparruan, eta "Espainiako gizartea ordezkatzen duten sentsibilitate desberdinak dituzte".
- PPren ustez, berriz, akordioak "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osaera erabat orekatua" bermatzen du, eta 20 kide berri izango ditu, "ibilbide egiaztatuak izango dituztenak eta zalantzarik gabe prestakuntza sendoa izango dutenak".
BJKN berrirako proposatutako kideak. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera, Jose Maria Paez Malagako epaile dekanoa, Esther Erice Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epailea, Gema Espinosa Bartzelonako Auzitegiko magistratua, Angel Arozamena Auzitegi Goreneko auzi-arloko magistratua eta Jose Maria Fernandez Seijo Bartzelonako merkataritza-arloko epailea. Argazkia: EFE
- Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeaz gain, sinatzaileek Botere Judizialaren Lege Organikoaren eta Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren erreforma bat izapidetuko dute, eta, sozialisten arabera, "bere independentzia indartzeko, balizko erreformak aztertzeko eta izendapenak egiterakoan meritua erdigunean jartzeko" balioko du.
- Sozialistentzat, arau berri honek goi kargu judizialen izendapenak hautagaien merituetan eta ibilbidean oinarrituta egitea ahalbidetuko du.
- Legeak, gainera, epaile, magistratu eta fiskalen bateraezintasunak indartuko ditu, zerbitzu aktibotik kargu politikoetara igarotzen diren kasuetan.
- Aldi berean, bokal judizialak izendatzeko erreforma-proposamenak egiteko agintzen zaio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi berriari. Proposamen hori Gobernuari, Kongresuari eta Senatuari igorriko zaie, eta gehiengo zabalarekin onartu beharko da.
- Testu horrek, PPren esanetan, berariaz jaso beharko du "parte-hartze zuzena" eta bozketa eredu berri bat, epaileek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak aukeratu ahal izan ditzaten.
- Alderdi Popularraren arabera, Gobernuak ezin izango du Auzitegi Goreneko presidentea aukeratu; aitzitik, Kontseiluko kide berriek aukeratuko dute Auzitegi Gorena zuzentzen duen magistratua. Gutxienez aldeko 12 botorekin aukeratu beharko dute, eta alderdi politikoek proposatutako hautagairik gabe.
- Akordioak berekin dakar, halaber, debekatzea ministro ohi edo estatu-idazkari bat Estatuko fiskal nagusi izatea, Dolores Delgadorekin gertatu den bezala.
- Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzea eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren eta Fiskaltzaren Estatutu Organikoaren erreforma Diputatuen Kongresuaren osoko bilkuran bertan berretsiko dira uztailean.