Katalunia
Terrorismoa egotzita auzipetutako CDRko 12 kideri amnistia ematea eskatu du Fiskaltzak
Agentziak | EITB MEDIA
Fiskaltzaren ordezkariak adierazi duenez, "ziurtasunetatik abituta" egin behar dira epaiketak; ezin da "usteetatik eta egin zitekeen kaltetik abiatu". Herri akusazioa, bere aldetik, amnistia aplikatzearen aurka agertu da.
Marta Durantez, Auzitegi Nazionaleko fiskalburuordea, Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) 12 kideri amnistia ematearen alde agertu da ostegun honetan, leporatzen zaizkien gertakarietan ez zituztela giza eskubideak urratu argudiatuta. Hain zuzen ere, erakunde terroristako kide izatea egotzita auzipetuta daude pertsona horiek.
Fiskaltzaren ordezkariak adierazi duenez, "ziurtasunetatik abituta" egin behar dira epaiketak; ezin da "usteetatik eta egin zitekeen kaltetik abiatu". "Amnistiari buruzko legean bazterketatzat jotzen diren eskubideei ez zitzaien kalterik egin", gaineratu du.
Hala, amnistia aplikatzeko eskatu du, "epaiketa aurreko izapide gisa", eta Zigor Kodeak ezarritakoaren arabera, erantzukizun penala iraungitzat jotzea, eta, beraz, auzipetutako jarduketak artxibatzea.
Fiskalak ziurtatu duenez, "nahita egindako giza eskubideen urraketa larria beharko litzateke horretarako", eta, Auzitegi Nazionaleko fiskalburuordearen ustez, "akusatuek ez dituzte horrelako ekintzak gauzatu ezta abiatu ere".
Durantezek adierazi duenez, "legezkotasunaren, herritarren eskubideen eta legeak babestutako interes publikoaren defentsan, legezkotasunaren eta inpartzialtasunaren printzipioei erabat men eginez eta arauaren eta egitatezko kasuaren interpretazio erabat teknikoa eginez egin behar dena amnistia aplikatzea da".
Herri akusazioa, bere aldetik, amnistia aplikatzearen aurka agertu da, auzipetuei egotzitako ekintzek "terrorismoa eta traizioa legean agertzen jarraitzen dutelako" eta, haren arabera, lehenago edo geroago hala izango zelako.