Itxi

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Peio Dufau (EH Bai): "Tokiko biztanleek alternatiba gisa kokatzen dute Fronte Popular Berria"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ipar Euskal Herrian Fronte Popular Berriaren hautagaiak ohartarazi duenez, eskuin muturrari boterea eskuratzen laguntzeko arriskua dago Christian Devez (MoDem) Macronen gehiengoko hautagaia mantentzen bada.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Peio Dufau (EH Bai), Fronte Popular Berriaren hautagaia seigarren barrutian, kezkatuta agertu da Frantziako hauteskundeetako lehen itzuliak utzitako emaitzekin, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan astelehen honetan egindako elkarrizketan. Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, tokiko biztanleek Fronte Popular Berria "alternatiba gisa" kokatzen dutela nabarmendu du Dufauk.

"Egoera nahasi honetan zaila zen aurreikustea zer gertatu zitekeen igandean, baina esperotako emaitzak lortu ditugu. Tokiko biztanleek alternatiba gisa kokatzen gaituzte", nabarmendu du. Ildo horretatik, bigarren itzulian zer gertatuko den jakiteko "itxaron behar" dela esan du, baina herritar askok "Parisera begira" bozkatu dutela ohartarazi du.

Eskuin muturrari aurre egiteko "lanean jarraitzeko prest" agertu da Dufau, bere arabera, ardura denena baita. Hala, Christian Devez (MoDem) Macronen gehiengoko hautagaia mantentzen bada, ultraeskuinari boterea eskuratzen laguntzeko arriskua dagoela gaineratu du.

"Badakigu zer arrisku dakarren eskuin muturrak gizartearen baloreentzat. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den bigarren itzulian, ardura hartu behar dugu guztiok", azpimarratu du Dufauk.

Seigarren Barrutia

Biarritz ekialdea, Biarritz mendebaldea, Ezpeleta, Hendaia, Donibane Lohizune eta Uztaritze barne hartzen dituen barrutian Peio Dufauk jaso ditu boto gehien, bozen % 29,4rekin. Antzeko emaitzak lortu ditu Christian Deveze, Macronen gehiengoko hautagaiak (%26,9). Eskuin muturreko hautagaia Victor Lastecoueres hirugarren izan da, bozen %25,3rekin. Bigarren itzulian, beraz, hiru hautagai horien arteko lehia izango da hautesbarruti horretan.

Albisteak (1)

Audioak (1)