Elkarrizketa Radio Euskadin
Lehendakariordeak iradoki du Pradales ez dela Voxekin bilduko
O. A. | EiTB Media
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurreratu du albistea goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan eta, ondoren, Gobernu kontseiluaren ostean, Maria Ubarretxenak, Jaurlaritzako bozeramale berriak baieztatu egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean iradoki duenez, Imanol Pradales lehendakaria ez da Voxekin bilduko uztailaren 8tik aurrera alderdi politikoekin egingo duen bilera-sortan. Handik gutxira, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berak berretsi ditu hitzok Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Horren arabera, lehendakaria ez da Voxekin bilduko, "datozen asteetan" alderdi politikoekin hasiko duen errondaren barruan, "esparru etiko eta demokratikoarekin bat egiten ez duen" eta euskal autogobernua onartzen ez duen alderdia delako.
Bengoetxeak irratian azaldu duenez, Pradales lehendakaria gutxieneko zoru bat partekatzen duten talde politikoekin espazio komun bat lortzen ahaleginduko da, besteak beste, etorkizuneko "herri erronka handiei" aurre egiteko. Lehen lehendakariordearen arabera, etorkizuneko herria balio demokratikoen, giza eskubideen eta aniztasunaren, eta autogobernuaren errespetuaren gainean eraiki behar da, eta Voxek horiek errespetatzen ez dituenez, "oso zaila" izango da eskuin muturreko alderdiak itun horietan parte hartzea.
Ordu batzuk geroago, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berak baieztatu du, Voxek "esparru etiko eta demokratikoarekin bat egiten ez duelako" eta euskal autogobernua onartzen ez duelako.
Guggenheim Urdaibai proiektuaz galdetuta, eskualdea "suspertzeko" proiektu "ona" dela uste du. Busturialdea-Urdaibai eskualdea suspertzeko Plan Estrategikoari eta egin asmo den museoari esker, historikoki "industria eta natura" lotuta egon den eskualdea "artearen eta naturaren binomioari" lotzea dela helburua gaineratu du Bengoetxeak.
Gainera, Guggenheim Urdaibai proiektua gobernu akordioan jasota dagoela nabarmendu ostean, azpimarratu du bere sailak herritarrei "entzun" egingo diela museoa egiteko izapideek aurrera jarraitzen duten bitartean.