AHT
Arabako ahaldun nagusiak uste du teknikariek Euskal Y-aren lotunea Gasteiztik egitea berretsiko dutela
eitb media
Lotura hori Ezkiotik egitea defendatu du Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta bide horren alde jarraituko dutela lanean Espainiako Gobernuarekin. Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, esan du "diputazio guztiak errespetzen" dituela eta ziur dagoela akordio batera iritsiko direla.
Abiadura Handiko Trenari lotuta, Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotuneak eztabaida iturri izaten segitzen du euskal erakundeen artean. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du "oso lasai" dagoela eta azpimarratu du Nafarroarekin lotura Gasteiztik egitea dela aukera onena. Garraio Ministerioaren txosten teknikoak ere, hala berretsiko duen konfiantza osoa agertu du.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, berriz, lotura Ezkiotik egitea defendatu du, eta Espainiako Gobernuarekin bide horren alde lanean jarraituko dutela adierazi du.
Foru Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, ahaldun nagusiak gogorarazi du oraindik ez dela publiko egin loturari buruzko Ministerioaren txostena, baina komunikabideek informazioa aurreratu dutela, eta lotura Gasteiztik egitea lehenetsiko dela diotela, kostu txikiagoa duelako.
Mendoza, berriz, kezkatuta dago, Gasteizko alternatiba indarra hartzen ari delako, Ezkio-Itsasoko aukeraren aurrean. Bere hitzetan, Nafarroarekiko lotura Gipuzkoatik urrundu daitekeela jakitea "oso albiste txarra da", eta "alternatiba hori irmotasun osoz" defendatuko dutela azpimarratu du.
Hala, Mendozak bilera bat eskatu du Estatuko Garraio idazkariarekin, baina mugimendu horren aurrean Arabako Aldundiak esan du "oso lasai" dagoela. "Beti esan dut azterketek ondorioztatuko dutela aukerarik onena Gasteizkoa dela. Konfiantza osoa dugu, eta badirudi hortik doazela gauzak, azterketa teknikoek ondorioztatuko dutela irtenbiderik onena Gasteiztik dela ", nabarmendu du.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du txosten teknikoak ezagutu arte itxarongo dutela Abiadura Handiko Trena (AHT) Nafarroarekin lotzeko "aukerarik onena" zein den ikusteko; izan ere, Gasteiz edo Ezkio-Itsaso aukeratzeko aukerak "usteak dira", Garraio Ministerioaren txostenak oraindik ezagutzen ez direlako.
"Foru aldundi guztiei erabateko errespetua" adierazi ostean, diputatuak eta lehendakaria "ontzi berean" daudela eta "herri honek aurrera egin dezan ahalik eta hobekien" egingo dutela babestu du.