Itxi

BATZARRA

Pradales Felipe VI.arekin elkartuko da astelehen honetan, Zarzuelan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Urkullurekin bitan elkartu zen Espainiako erregea. Bestalde, ostegunean hasiko da lehendakariak alderdiekin egingo duen bilera sorta.

Imanol Pradales. Argazkia: EFE

Felipe VI .a Espainiako erregeak Imanol Pradales hartuko du astelehenean, eta Zarzuela Jauregian monarkak ikusten duen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bigarren lehendakaria izango da.

Astelehen arratsaldean bilduko dira, Pradalesek demokraziaren seigarren lehendakari gisa karguaren zina egin eta bi astera. Gernikako Arbolaren aurrean egin zen ekitaldi solemnea, eta bertan izan zen Iñigo Urkullu, Felipe VI.a birritan ikusi zuen lehendakaria.

2014an hartu zuen Felipe VI.ak Urkullu lehen aldiz, Espainiako errege izendatu zuten urte berean, Zarzuelan erkidegoetako buruzagiekin izandako elkarrizketa-sorta baten harira.

2020an bigarrenez izan ziren elkarrekin, Urkulluk uztailaren 12ko hauteskundeak irabazi ondoren. Ekitaldi hartan, biek adeitasunez agurtu zuten elkar, baina elkarri bostekorik eman gabe, pandemia garai hartan indarrean zeuden osasun-neurrien ondorioz.

Horrela, astelehenekoa Espainiako egungo erregeak EAEko agintari nagusiarekin egiten duen hirugarren topaketa izango da.

Bilera sorta alderdiekin

Bestalde, lehendakaria Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoekin biltzen hasiko da uztailaren 11n, ostegunean, Sumarreko ordezkaria hartuta. 

Sumarrekin lehen hitzordua egin ondoren, ostiralean PP eta PSE-EE (Jaurlaritzako kidea) hartuko ditu; astelehenean, uztailak 15, oposizioko alderdi nagusia den EH Bildurekin bilduko da, eta asteartean EAJ, Jaurlaritzako alderdi nagusia, hartuko du.

Lehendakariak hausnarketa bat egin nahi du alderdiekin, lehentasunei eta erronkei buruz, eta lan-metodologia bat ezarri nahi du. Pisuzko gaien artean, Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Itun zabala lortzea kokatu dute.