Hauteskundeak
Macronek Parlamentu berria osatu ondoren "hartuko ditu beharrezko erabakiak"
agentziak | eitb media
Eliseoak azpimarratu du agintariak bermatu egingo duela "frantziarren hautu burujabea".
Frantziako hauteskundeen bigarren itzulian Fronte Herritar Berriak garaipena erdietsi eta gero, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Parlamentua osatu arte itxarongo du "beharrezko erabakiak hartzeko". Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak jada iragarri du dimisioa aurkeztuko diola astelehen honetan bertan Emmanuel Macron presidenteari.
"Tradizio errepublikanoari jarraituz, Asanblada Nazional berria egituratu arte itxarongo du beharrezko erabakiak hartzeko", jakinarazi du Eliseoak, "presidenteak, erakundeen berme den heinean, frantziarren hautu burujabea errespetatuarazi" egingo duela gehitu aurretik.
Fronte Herritar Berriaren buruak, Jean-Luc Melenchonek, Frantzia Intsumisoaren buru ere badenak, gobernuaren osaketa agintzeko eskatu dio Macroni, eta azpimarratu du presidenteak "Fronte Herritar Berria gobernatzera deitzeko betebeharra" duela.