Elkarrizketa Radio Euskadin
Otegik "funtsezko" aldeak nabari ditu Urkulluren eta Pradalesen artean, eta politikak aldatzeko eskatu dio
O. A. | EITB Media
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak txalotu egin du Pradales lehendakariak Osakidetza aldatzeaz eta herri itunez hitz egitea eta bilera-sortaren baitan sindikatuekin elkartzea.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak lehendakari berriaren "moduak" eta jarrera nabarmendu ditu, eta aurreko lehendakariari zuzenean kritikarik egin gabe, Imanol Pradalesen eta Iñigo Urkulluren artean "funtsezko" desberdintasunak daudela adierazi du. Otegik txalotu egin du Pradales lehendakariak Osakidetza aldatzeaz eta herri itunez hitz egitea eta bilera-sortaren baitan sindikatuekin elkartzea.
Ildo horretan, espero du Pradalesen gobernu berriak Osakidetzaren "pribatizazioa" eta "prekarizazioa" eragin duten EAJren eta PSE-EEren aurreko koalizioen "politika neoliberalak" aldatzea.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Otegi itxaropentsu mintzatu da eta posible ikusten du Eusko Jaurlaritzarekin osasun ituna adostea. Jakin badaki akordioa ez dela % 100ean EH Bilduren gustukoa izango, baina "aurrera" egin beharra defendatu du. "Gauzak ezin dira okerrago egin, hortaz hobetu egingo dira", gaineratu du.
Kataluniari dagokionez, Salvador Illa presidente izendatzeko akordioa lortuko dutela uste du Kataluniari finantzazio propioa aitortzearen truke. Otegiren arabera, Kataluniarentzat "ona" izateaz gain, "nolabaiteko egonkortasuna" ekarriko luke.
Gogora Institutuan izandako aldaketen inguruan galdetuta, Otegik du begi onez hartu PSE-EEk memoriaren arloan hartu duen norabidea. Ezker independentista urrats gehiago emateko prest dagoela esan du Otegik, baina gainerako aldeei ere erantzukizunak beren gain hartzeko eskatu die. Are gehiago, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua "konfrontazio" terminoetan baino modu "eraikitzailean" kudeatzea aldarrikatu du.
Autogobernuari dagokionez, berriz, Euskal Herriaren aitortza nazionala ezinbestekoa da, Otegiren ustez, autogobernuan aurrera egiteko.