Migrazioa
Elma Saizek "enpatia falta" aurpegiratu dio PPri, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileak hartzerako orduan
Agentziak | EITB Media
Gainera, Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministroak PPri eskatu dio Voxen "diskurtso xenofoboak" albo batera uzteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Elma Saiz Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministroak PPren "enpatia falta" kritikatu du, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileak hartzerako orduan, eta Voxen "diskurtso xenofoboak" bere egitea aurpegiratu dio.
Iruñean bilera batean parte hartu aurretik hedabideen aurrean azaldu duenez, "gaurkoa egun oso garrantzitsua" da migrazio politikari dagokionez, arratsaldean egingo baitute bilera Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren banaketa aztertzeko.
Saiz ministroak azaldu duenez, 2023tik hainbat akordio egon dira alor horretan, eta "12 autonomia erkidego inguruk, gehienak PPk gobernatuak", ez dituzte adin txikiko migratzaileak hartzen, nahiz eta horretarako funtsak izan eskumenak izan.
Hori dela eta, Saizek azpimarratu du popularrek aukera dutela "pauso bat aurrera eman", Voxen "diskurtso xenofoboak" albo batera utzi eta Estatu mailako auzi batek eskatzen duen mailan jokatzeko. "Gure herrialdera babesik gabe datozen adin txikikoez hitz egiten ari gara", gaineratu du.
Migrazio ministroaren arabera, PPk bi jarrera ezberdin erakutsi ditu azken bi asteetan. Lehenik, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak esan zuen PPk gobernatutako autonomia erkidegoak "solidarioak" izango zirela eta, gerora, "atzera" egin du Voxek koalizio gobernuak hausteko mehatxua egin duenean.
"Gaur ikusiko dugu zein aurpegi erakusten digun: xenofobia eta mezu arrazistak besarkatzen dituen edo estatu mailako auzi batek eskatzen duen mailan jokatzen duen", gaineratu du.