Itxi

BILERA SORTA

Akordio konkreturik gabe herri-itun handiak lortzea zaila iruditzen zaio Sumarri

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Alba Garcia Sumarren lehendakarigaia eta Jon Hernandez legebiltzarkidea hartu ditu gaur lehendakariak. Bihar PP eta PSE-EEren txanda izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Imanol Pradales lehendakariak Sumarrekin ekin dio Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin iragarritako bilera-sortari. Batzarrokin, Osakidetza indartzeko gutxieneko akordio bat adostu eta autogobernuan sakontzeko asmoa du buruzagi jeltzaleak. 

Alba Garcia Sumarren lehendakarigai izandakoa eta Jon Hernandez legebiltzarkidea joan dira Ajuria Eneara eta ordu bat eta laurdeneko bilera izan dute Pradalesekin.

Amaitu ostean, Sumarreko ordezkariek azaldu dute litekeena dela legegintzaldi honetan akordio puntualak lortzea, baina, Hernandezen hitzetan, "herri itun handiek gai zehatzei buruzko akordioak lortzea eskatzen dute", eta "gai konkretuetara jaisten direnean, topatzen dute zailtasun gehien". Hala ere, hitz egiteko prest agertu dira.

Sumarrek beretzat lehentasunezkoak diren hiru gai nagusiren inguruko proposamen zehatzak aurkeztu ditu bileran. Hernandezek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean aurreratu duenez, osasun publikoa "indartzea" eta pribatuaren gainetik jartzea eskatu diote lehendakariari.

Etxebizitzaren alorrean, "etxeak espekulatzaileen eskuetatik aldenduko dituen politika publikoa martxan jartzea" eskatu dute. Besteak beste, alokairuen prezioak mugatzea eta bisitari gehien duten udalerrietan tasa turistiko bat ezartzea proposatu dute.

Trantsizio energetikoa ere lehentasunezkoa da Sumarrentzat. Zentzu horretan, energia berriztagarrien erabilera bizkortzeko eta autokontsumo kolektiboa eta komunitateen sustapena indartzeko lege-aldaketak beharrezkoak direla berretsi diote lehendakariari.

Sumarren ondotik, bihar PP eta PSE-EEren txanda izango da. Astelehenean, hilak 15, EH Bildurekin egingo du bilera eta asteartean EAJrekin. Voxekin ez da elkartuko. 

Lehendakariak hausnarketa bat egin nahi du alderdiekin, lehentasunei eta erronkei buruz, eta lan-metodologia bat ezarri nahi du. Pisuzko gaien artean, Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Itun zabala lortzea kokatu dute.

Imanol Pradales "itxaropentsu" azaldu da bileran sortan Osakidetzaren eta euskal osasun sistemaren inguruan herri akordio bat erdiesteko "aukera" ikusten baitu. 

Osasunaz harago, alderdiek dituzten proposamenak eta gai zerrenda entzuteko prest agertu da, eta autogobernua aipatu du, beste gai batzuen artean. 

Behin alderdi politikoekin bilerak amaituta, gizarte eragileak ere hartuko ditu Pradalesek. 

Bideoak (2)