'Tsunami Democratic' auzia
Marta Rovira gaur itzuliko da Kataluniara
Erredakzioa | EITB Media
Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen akats baten ondorioz 'Tsunami Democratic' auzia artxibatu ostean itzuliko da. ERCko idazkari nagusiarekin batera, Ruben Wagensberg, Oleguer Serra eta Jesus Rodriguez bueltatuko dira.
Marta Rovira ERCko idazkari nagusia gaur itzuli da Kataluniara. Rovira 2018ko martxotik zegoen Genevan (Suitza), eta Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen akats baten ondorioz 'Tsunami Democratic' auzia artxibatu ostean itzuliko da.
ERCk jakitera eman duenez, Rovira eta auzi honetan ikertutako gainerako kideak atzo abiatu ziren Suitzatik Kataluniara, eta gaur, 09:00etan, Omnium Culturalekin batera Cantallopseko udalerrian antolatutako ekitaldi batean parte hartu dute.
Rovirarekin batera itzuliko dira Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatu errepublikanoa, Oleguer Serra Omnium Culturaleko lehen presidenteordea, Josep Campmajo enpresaria eta Jesus Rodriguez kazetaria.
ERCko idazkari nagusiak beti esan zuen Kataluniara itzuliko zela 'Tsunami Democratic' auzia itxi bezain pronto, eta asteartean aurreratu zuen ERCko emakumeen asanblada batean parte hartzeko asmoa zuela. Batzarra larunbatean izango da, Olesa de Montserraten (Bartzelona).