Bilera-sorta
Osakidetzak "epe ertain-luzeko begirada" behar duelakoan, aurrekontuen eztabaidatik bereiziko du EH Bilduk
EITB Media
Hala iragarri du Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak lehendakariarekin bildu ostean. "Luze" eta "giro onean" batzartu dira biak Ajuria Enean, ezkerreko buruzagiak aitortu duenez. Estatus politiko berriaren inguruan "konfiantza esparru bat" sortzeko eskatu dio, halaber, Pradalesi.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Imanol Pradales lehendakaria eta Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea Ajuria Enean bildu dira gaur, lehenak alderdi politikoekin abiatu duen bilera sortaren baitan.
Batzarra "giro onean eta tonu egokian" joan dela aitortu du Otxandianok, hura amaituta prentsaren aurrean egindako agerraldian, eta "sintonia on" horren erakusle, iragarri du EH Bilduk ez duela Osakidetza aurrekontuen eztabaidan sartuko, euskal osasun sistemaren gaiak "epe ertain-luzeko begirada" merezi duelako, eta kontrara, aurrekontuena "epe laburreko eztabaida partidista" da.
Lehendakariak osasun alorrean herri-ituna josi nahi du, eta proposamena "begi onez" ikusten duela esan du EH Bilduko lehendakarigaia ere izan zenak, "hasieratik, gainera". Horren ustez, "arrazoizko epe batean —urtebete aipatu du—, Osakidetza zutik berriro jartzeko eta zuen kalitatea berreskuratzeko ildo estrategikoak" zehazteko garaia da, "promesak alde batera utzita".
Osakidetzan "arazo larri bat" dagoela esatean lehendakaria eta biak "ados" daudela azpimarratu du Otxandianok, "iraganean ez bezala". "Osakidetzaren krisi instituzionalaren" atzean, inbertsio publikoaren falta baino, "antolaketa eta prebisio falta eta pertsonal politika oker bat" dagoela uste du EH Bilduko buruzagiak. "Arazo estrukturala den heinean, neurri estrukturalak behar dira", zehaztu du.
Hain justu, bi aldeek iragarri bezala, besteak beste, osasuna eta autogobernua eta estatus berria izan dituzte hizpide Pradalesek eta Otxandianok. Bien inguruan akordioa erdiesteko prest azaldu da EH Bildu.
Estatus politiko berriaz, Otxandianok uste du "konfiantza esparru bat" sortu beharra dagoela bien artean, Eusko Legebiltzarreko "bi alderdi abertzale nagusien liderrak" direla argudiatuta. Proposamena "ondo" hartu du Pradalesek, betiere EH Bilduko bozeramailearen ustez.
Azaldu duenez, "urtez luzez geroratutako" eztabaida izan da autogobernu berriarena, eta legegintzaldi honetan "jauzia" eman behar du gaiak. Horretarako, "alderdien arteko negoziaketa diskretutik eta Parlamentuan eman beharreko eztabaidatik harago" Pradalesen eta bien artean "konfiantza esparru" hori eraikitzeko "borondatea eta konpromisoa" adierazi du. "Belaunaldi berri bat bat gara, eta aukera bat marraztu da datozen lau urteetan, herri honi, herri honen hiru probintziei, bultzada berri bat emateko", aldarrikatu du.
Bihar, EAJren txanda
Ekainaren 22an lehendakari kargua hartu orduko martxan jarri zuen Imanol Pradalesek arlo politiko sozial eta ekonomikoko eragileekin biltzeko agenda. EAEko hiru lurraldeetako ahaldun nagusiekin bildu zen aurrena, uztailaren 1ean, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin biltzen hasi zen uztailaren 11n.
Vox elkarrizketetatik kanpo utzi du Pradalesek, "marko etiko eta demokratikoarekin bat ez" datorrelako. Hala ordezkaritza txikienetik handienerako ordenan, Sumarrekin ekin zion alderdien bilera errondari, hilaren 11n. Uztailaren 12an Alderdi Popularreko Javier de Andresekin eta Alderdi Sozialistako Eneko Anduezarekin elkartu zen.
Alderdiekin bilerak bihar amaituko dira, EAJren txandarekin. Ostean, euskal eragile sozialekin, sindikatuekin eta patronalarekin batzartuko da lehendakaria.