Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Otegi: "Ez dut ikusten PSE-EE estatus berriaz ituna lortzen, baina esan beharko digu zein den alternatiba"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du "eztabaida sakon bat" egin behar dela horren inguruan "Espainiako Estatuan dagoen kontestu historikoa" baliatuta. PSE-EE "posizio erreakzionarioekin" ikusten du hainbat gairen kontura, eta memoriaren "errelato partziala" aipatu du adibide gisa.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritzian, erabakitzeko eskubidearen eta Euskal Herriaren nazio aitortzaren inguruan "eztabaida sakon bat" egin behar da legegintzaldi honetan "Espainiako Estatuan dagoen kontestu historikoa" baliatuta. Horren ildoan, EAEren estatus politiko berria adostu beharra dagoela adierazi du, "lehenik eta behin, abertzaleen artean, edo behintzat Euskal Herria nazio gisa onartzen dugunon artean" —ezker konfederala tarteko egon daitekeela aipatu du—. Itun horretan ez omen du PSE-EE ikusten, baina, ohartarazi duenez, "esan beharko digu zein den bere alternatiba". 

Hain justu, Euskadiko sozialistekin oso kritiko azaldu da gaur EH Bilduko buruzagia Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Gai honetan "tranpak" egitea egotzi die, arazoa autodeterminazio eskubidean dagoela argudiatuta. "Horrek esan nahi du nazio aitortzarako prest daudela? Horrek esan nahi du euskal selekzioa jokatuko duela hurrengo Eurokopa? Horrek esan nahi du Gizarte Segurantza hemen egongo dela? Epaile batek erabaki euskaraz hitz egin dezakegun edo hori ere ez?", galdetu du. 

Otegiren irudiko, PSE-EE "posizio erreakzionarioekin" dabil hainbat gairen inguruan, eta memoriaren alorrean "errelato partziala"ren alde duten jarrera aipatu du. Horren harira, EH Bilduko buruzagia "harrituta" azaldu da EAJk Gogora Institutua sozialisten esku utzi duelako, eta ohartarazi duenez, "badakigu EAJko sektore batzuk ere ez daudela oso pozik horrekin". "Herri honek merezi du memoria bat egia osoa kontatzen duena, eta ez bakarrik parte bat. Errelato partzial batetik ezin da eraiki elkarbizitza", gaineratu du. 

Atzo Espainiako selekzioak Eurokopan lortutako garaipenaz galdetuta, Otegik esan du ez zuela partida ikusi, ez duelako bere burua ordezkatuta ikusten. "Euskal jokalariek ezin dute euskal selekzioarekin jokatu, ukatu egiten dietelako eskubide hori; debeku baten aurrean gaude", nabarmendu du. 

Hala, adierazi du Euskal Herrian "desnazionalizazio prozesu galopante baten aurrean" dagoela, eta horri aurre egiteko gogoeta eskatu du "abertzaleon, eta euskal demokraton guztien" partetik. 

Azkenik, gaur Pello Otxandianok Imanol Pradales lehendakariarekin duen bileraz galdetuta, erantzun du "etapa berri bat ireki" dela eta "akordioaren apologia" egin behar dela defendatu. "EH Bilduren prestutasuna erabatekoa da", gehitu du. Otegiren ustez, lehendakari berriak "orain arteko musika aldatu" eta "gauzak batzuk zuzendu ditu", besteak beste, Osakidetza "ondo ez dagoela" onartzea. Izan ere, gogorarazi duenez, Urkulluk "konspirazioa" aipatzen zuen, eta EH Bilduri Jaurlaritza "higatzen saiatzea" egozten zion. Ildo horretan, EAJ eta PSE-EEren aurreko gobernuak eta ezarritako "politika neoliberalak" egin ditu egungo egoeraren erantzule. 

Audioak (1)