Bilera sortaren balantzea
Osasunari buruzko akordioa 2025eko martxorako itxi nahi du Pradalesek
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Halaber, irailean Politikan Aritzeko Etikarako Euskal Ituna sinatzeko proposamena egingo die alderdiei. "EAEn dugun giro ona mantendu eta garatu behar dugu", azpimarratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osasunari buruzko ituna 2025eko martxorako lortu nahi du Imanol Pradales lehendakariak, eta horretarako, irailean mahaia osatuko du alderdiekin, sindikatuekin, unibertsitate, osasun alorreko kolegio eta Pazientearen ordezkariekin. Hala iragarri du Ajuria Enean, alderdiekin egindako bilera sortaren balantzea egiteko agerraldian.
SME eta Satse sindikatuekin batzarrak ditu gaur lehendakariak, eta horien aurretik mintzatu da kazetarien aurrean. Zehaztu duenez, irailetik hasita sei hilabeteko tartea ezarriko du itunaren nondik norakoak adosteko, eta "emaitzak urtebeteko epean" ikusi nahiko lituzke. "Ikusiko dugun nor biltzen den akordiora eta nor ez", esan du, baina aurreratu du bilera sortan parte hartu duten alderdien aldetik "prestutasun bikaina" igarri duela.
Hain justu, egunotan Ajuria Enean izan diren indar politikoen (Sumar, PP, PSE-EE, EH Bildu eta EAJ) jarrera eskertu du. Pradalesen hitzetan, "bilera hauek guztiak bukatuta ondorio nagusi batera iritsi naiz: Euskadin badugu politika egiteko modu eraikitzailea. Gure gizartea sendotzeaz gain, uste dut demokrazia bera indartzen ari garela".
Azaldu duenez, bi dokumentu partekatu ditu alderdiekin: batetik, osasun itunaren planteamendu eta bide-orria, eta bestetik, legegintzaldirako dituen lehentasunen zerrenda. Lehenengoaren inguruan esan du "alderdien programetan jasotako elkarguneak" identifikatu dituela Alberto Martinez Osasun sailburuarekin batera, eta horren arabera, sei elementu planteatu dituztela. Dena dela, ez du zeintzuk diren zehaztu, oraindik osasun alorreko sindikatuei azaldu behar dizkiela argudiatuta.
Hori horrela, iraileko lehen hamabostaldian Martinezek ituna eztabaidatzeko mahaia eratuko du. Han partekatuko dituzte egutegi, metodologia eta lehen dokumentuak.
Politikan aritzeko etikako ituna
Hilabete berean, beste adostasun baterako oinarriak aurkeztuko ditu lehendakariak, eta hura erdiesteko proposamena egingo die Eusko Legebiltzarreko taldeei. Pradalesek uste du Euskadin politikan aritzeko "giro ona" dago, errespetuzkoa eta salaketarik eta mehatxurik gabekoa, eta hori mantendu beharra dago. Hala, politikan aritzeko etikako ituna sinatzeko galdegingo die gainerako indar politikoei.
Izan ere, horren iritzian, "hurrengo urteetan, eta munduko leku askotatik datozen olatu antidemokratikoen aurrean, demokraziaren alde lan egin beharko dugu, gure indar guztiekin".
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eraberritze demokratikorako egitasmoa aurkeztu behar duela eta, lehendakariak aitortu du ez dakiela zehazki zein neurri iragarriko dituen, baina argitu du bere itunak ez duela muga eta kontrolekin zerikusirik, etika baitu jomuga.
Azkenik, autogobernua hizpide eta kazetarien galderei erantzunda, adierazi du bera Gernikako Estatutua osorik betetzen dela bermatzeko lanean egongo dela, eta alderdien esku utziko duela, "denbora emanez", estatus berrirako akordioa erdiestearena. Gainera, Pello Otxandianok galdegindako "konfiantza esparruaz" itaunduta, azaldu du hartu-emanak ez direla "aldebikoak edo esklusiboak" izan behar; "lehendakariari dagokio ahalik eta alderdi guztiekin konfiantza harremanak eraikitzen", gaineratu du.