TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Pradales-ELA bilera, Trumpen hitzaldia eta Hagako Auzitegiaren ebazpena Palestinaz
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 19an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pradales-ELA bilera: Imanol Pradales lehendakariak ELArekin hasiko du bilera sorta Euskadin ordezkaritza handiena duten lau sindikatuekin eta Confebask patronalarekin. Hitzordu historikoa izango da, azken 10 urteotan ez baita lehendakariaren eta sindikatu abertzalearen arteko bilera publikorik izan. Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari ondokoa joango dira Ajuria Eneara.
- Trumpen hitzaldia: Ohikoa duen tonu zakarra alde batera utzita, Donald Trump AEBko presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko hautagaiak batasunerako deia egin du errepublikanoen konbentzio nazionalean, eta bere hautagaitza onartu du. Buruzagi errepublikanoak haren kontrako atentatuan bizitakoak xehetasunez kontatu ditu, emozio betean.
- Hagako Auzitegia, Palestinaz: Nazioarteko Justizia Gorteak Palestinaren inguruko ebazpen bat kaleratuko du gaurkoan, NBEk bere garaian egindako eskaera bati lotuta. Israelgo okupazioak Palestinako lurraldeetan dituen lege ondorioen inguruan iritzia emateko eskatu zion Nazio Batuen Erakundeak, Tel Avivek Gazaren kontrako erasoa abiatu baino lehen.