BILERA SORTA
ELAk kezka helarazi dio Pradalesi, Jaurlaritza berriari "ildo kontinuista" ikusten diolako
EITB MEDIA
Halaber, esan diote eguneroko arazoek "bere horretan jarraitzen duten bitartean", sindikatuak "langile klasea antolatzen eta mobilizatzen" jarraituko duela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"ELAren eta lehendakariaren arteko harremana berreskuratu da, Urkulluk sindikatuarekin biltzeari uko egin zionetik ez baita harremanik izan. Normalizatzera etorri gara normala izan behar duena: hau da, lehendakariaren eta lehendabiziko sindikatuaren arteko beharrezko harremana". Hitzokin abiatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Imanol Pradales lehendakariarekin gaur izan duen batzarraren ondorengo agerraldia. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoa eta biak izan dira gaur Ajuria Enean, lehendakariak sindikatuekin abiatu duen bilera sortari hasiera emanez.
Hasteko, Lakuntzak azaldu duenez, "lehendakariari gure prestutasuna azaldu diogu aldebiko harremanak kontsolidatzeko, lan egiteko eta balizko akordioak lortzeko". "15 arlotako proposamenak biltzen dituen dokumentu bat helarazi diogu, neurri zehatzekin. Gogorarazi diogu hemen benetan erabakigarria direnak erabakiak eta ekintzak direla", esan du.
Hala, "kezka" ere helarazi dio ELAk Pradalesi, Eusko Jaurlaritza berriak orain arte iragarritako edukiei "ildo kontinuista" ikusten diotelako, eta EAJ eta PSE-EE alderdien arteko programa-akordioa aipatu du horren erakusgarri. "Ez dugu ikusten aldaketa sakonik egiteko asmorik, borondate kontinuista ikusten dugu, edukiei buruz ari garenean", esan du.
Horrela, "norabide aldaketa" eta "sakoneko politikak aldatzeko" eskatu ditu ELAk gaurko batzarrean, tartean, "inbertsioak handitzea Osakidetzan eta Hezkuntzan". Horretarako, ezinbestekoa da erreforma fiskala, Lakuntzaren iritzian.
Agertokia aldatzen ez bada, eta eguneroko arazoek "bere horretan jarraitzen duten bitartean", sindikatuak "langile klasea antolatzen eta mobilizatzen" jarraituko duela ere esan diote lehendakariari.